12 zio hizkuntza-sena

17

Upload: komunikazio-bulegoa

Post on 04-Feb-2016

290 views

Category:

Documents


7 download

DESCRIPTION

H IZKUNTZA - SENA Garikoitz Knörr ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT itzultzailea ISBN: 978-84-9860-423-8 Lege gordailua: BI - 2.079-2010 Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop. Zurbaran, 2-4, 48007 Bilbao Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa) © The Language Instinct Steven Pinker, 1994 All rights reserved - Eskubide guztiak erreserbatuta Babesleak HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN, UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN

TRANSCRIPT

Page 1: 12 ZIO Hizkuntza-sena
Page 2: 12 ZIO Hizkuntza-sena
Page 3: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA

STEVEN PINKER

Garikoitz Knörritzultzailea

ZIENTZIAIRAKURLEORORENTZAT

Page 4: 12 ZIO Hizkuntza-sena

Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz

erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Babesleak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATEETA IKERKETA SAILA

DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN,UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN

Diseinua eta azala: Antton OlariagaHizkuntza-begiraletza

eta itzulpenaren orrazketa eta egokitzapena: Patxi Goenaga eta Itziar Laka

© The Language InstinctSteven Pinker, 1994

All rights reserved - Eskubide guztiak erreserbatuta

© 2010, itzulpena: Garikoitz Knörr© ehupress, 2010, Hizkuntza-sena

ehupress. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren marka bat da

ISBN: 978-84-9860-423-8Lege gordailua: BI - 2.079-2010

Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop.Zurbaran, 2-4, 48007 BilbaoInprimatzea: Itxaropena, S.A.

Araba Kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa)

Page 5: 12 ZIO Hizkuntza-sena

Aurkibidea

1. Arte bat gureganatzeko sena . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 7

2. Hitzontziak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 19

3. Gogoera. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 55

4. Hizkuntzak nola funtzionatzen duen . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 87

5. Hitzak, hitzak, hitzak. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 133

6. Isiltasunaren hotsak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 167

7. Buru berritsuak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 203

8. Babelgo Dorrea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 249

9. Haur bat hiztun jaio-Zerua deskribatu du . . . . . . . . . . . . . . . . 283

10. Hizkuntz organoak eta Gramatika-Geneak. . . . . . . . . . . . . . . . 321

11. Big Banga . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 359

12. Hizkuntzaren sasiadituak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 401

13. Gogoaren diseinua . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 441

Bibliografia. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 471

Glosarioa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 501

Page 6: 12 ZIO Hizkuntza-sena
Page 7: 12 ZIO Hizkuntza-sena

1Arte bat gureganatzeko sena

Hitz hauek irakurtzean, izadiko mirari batean parte hartzen ari zara. Zu eta biok, izan ere, gaitasun aipagarri bat duen espezie bateko kideak gara: batak bestearen burmuinean gertaerak zizelka ditzakegu, erabateko zehaz-tasunez. Ez naiz telepatiaz ari, edo kontrol mentalaz, ez eta parapsikolo-giaren edo okultismoaren gainerako obsesioez; horrelako sinesteak dituz-tenen kontakizunak onartuta ere, tresna guztiz gordinak dira horiek guk denok benetan daukagun gaitasun batekin alderatuta. Hizkuntza da gaita-sun hori. Ahoaz zaratak eginaz soilik, batak bestearen gogoetan ideia-kon-binazio berri guztiz zehatzak sortarazi ditzakegu. Gaitasun hori hain natu-rala egiten zaigunez, erraz ahanzten dugu zer-nolako miraria den. Beraz, utzidazu adibide sinple batzuen bitartez gogorarazten. Zeure irudimena une batez nire hitzen mende uzten baduzu, pentsamendu guztiz argi ba-tzuk egin ditzazun lor dezaket:

Olagarro arrak emea ikusten duenean, marrak agertzen zaizkio gor-putz eskuarki grisaxkan. Emearen gainetik igerian hasten da, bai eta hura laztantzen ere, bere besoetatik zazpi erabiliz. Emeak uzten badio, laster hurbildu eta irristaka sartuko dio zortzigarren besoa arnas-tutuan barrena. Hazi-fardel mordo bat astiro mugituko da arraren besoko zirrikitu bate-rantz eta, azkenik, emearen mantu-barrunbean sartuko.

Gerezi-orbanak soineko zurian? Ardoa aldareko oihalean? Igurtzi so-darekin berehala. Primerakoa da ehunetatik orbanak kentzeko.

Tad-i atea ireki dionean, zur eta lur geratu da Dixie, hilik zegoela uste baitzuen. Danbateko batez atea itxi, eta ihes egiten saiatu da. Baina Tadek «maite zaitut» esan, eta sartzen utzi dio Dixiek. Tad kontsolatzen hasi zaio, eta berotzen hasi dira, pixkanaka. Bat-batean Brian agertu da eta Dixiek Tad harrituari esan dio bera eta Brian egun hartan berean ezkondu direla.

Page 8: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA8

Zailtasun handiz, Dixiek Briani jakinarazi dio kontuak ez direla bukatu Tadekin, ezta gutxiagorik ere. Gero, Jamie Taden semea dela iragarri du Dixiek. «Nire zer?», esan du Tadek, guztiz harrituta.

Gogoan izan ezazu hitz horiek zer egin duten. Ez dizkizut, besterik gabe, olagarroak oroitarazi; zaila bada ere, inoiz horietariko batengan ma-rrak agertzen direla ikustea egokitzen bazaizu, orain badakizu zer gerta-tuko den ondoren. Beharbada, supermerkatura zoazen hurrengo aldian, sodaren bila ibiliko zara, hamar milaka salgaien artean eta, behin erosita, ez duzu ukitu ere egingo, harik eta substantzia jakin batek eta objektu ja-kin batek bat egiten duten arte. Orain baduzu, beste hainbat milioi lagu-nek bezala, ezezagun baten irudimenak sortutako mundu bateko —All My Children telesaileko— protagonisten sekretuen berri. Egia da, bai: ira-kurri eta idazteko dugun gaitasunaren baldintzapean daude eman dizkizu-dan adibide horiek guztiak, eta horrek are zirraragarriagoa egiten du gure arteko komunikazioa, denboraren, espazioaren eta harremanen hutsuneak gainditzen baititu. Baina idazkera aukerako osagarria da, argi eta garbi; hi-tzen bitarteko komunikazioaren benetako eragilea, izan ere, haurtzaroan geureganatu genuen ahozko hizkuntza da.

Giza espeziearen edozein historia naturaletan, hizkuntza ageri da ezaugarri nagusi. Zalantzarik gabe, gizabanakoa, bakarka harturik, pro-blema-ebazle eta ingeniari ikaragarria da. Robinson Crusoez osaturiko arraza bati, baina, ez lioke aparteko zer aipagarririk ikusiko behatzaile es-tralurtar batek. Gizakiongan benetan txundigarria dena hobeki jasotzen da Babelgo Dorrearen istorioan, non gizateria, hizkuntza bakarra eginaz, hainbeste gerturatu baitzen zerura, ezen Jainkoa bera mehatxaturik sen-titu baitzen. Hizkuntza batek, hain zuzen, informazioa partekatzeko sare erkide izugarri ahaltsu batean konektatzen ditu taldeko kideak. Edonork erabil dezake beste batek —garaikide zein iraganeko— sormen-txinpar-tez, zorioneko ustekabeez edo ahaleginez lortutako ezagutza. Eta jen-deak taldean jardun dezake, lanak hitzarmenen bitartez uztartuz. Horren ondorioz, Homo sapiens espezieak —espezie bat baita, alga urdinak edo zizareak bezala— aldaketa sakon eta iraunkorrak eragin ditu planetan. Arkeologoek hamar mila zaldiren hezurrak aurkitu dituzte amildegi ba-ten hondoan, Frantzian: duela hamazazpi mila urte paleolitikoko ehiztari taldeek bultzaturik, hara amildutako zaldi saldoen hondarrak omen dira. Antzinako elkarlanaren eta gaitasun partekatuen fosil horiek argi deza-kete nola desagertu ziren sable-hortz tigreak, mastodonteak, errinozero iletsu erraldoia eta beste hainbat ugaztun handi, gizaki modernoak haien

Page 9: 12 ZIO Hizkuntza-sena

ARTE BAT GUREGANATZEKO SENA 9

bizilekuetara iritsi berritan. Itxura guztien arabera, gure arbasoek suntsitu zituzten.

Hizkuntza hain dago giza esperientziaren enborrean txertatua, non zaila baita hura gabeko bizitzarik irudikatzea. Hartu munduko edozein tokitan elkarrekin dauden bi lagun edo gehiago: baietz berehala beren artean hizketan hasi. Norekin hitz egin ez dugunean, geure buruari hitz egiten diogu, edo txakurrari, baita landareei ere. Gure gizarte-harrema-netan, ez du azkarrenak irabazten lehia, etorririk handiena duenak baizik: mintzoaz xarmatzen gaituen hizlariak, urrezko mihia duen limurtzaileak, guraso egoskorra bairatzea lortzen duen haurrak... Afasia, burmuineko asalduen ondoriozko hizkuntza-galera, gaitz suntsigarria da eta, kasurik larrienetan, pertsona osoa betiko galdu dela uste izaten dute senideek.

Giza hizkuntzari buruzkoa da liburu hau. Izenburuan «hizkuntza» du-ten liburu gehienek ez bezala, honek ez dizu errieta egingo erabilera zu-zena dela eta ez dela, ez da esapide eta argot-hitzen jatorriaren bila ari-tuko, edo ez zaitu dibertiaraziko palindromo, anagrama eta eponimoekin edo «gintzaizkiokezun» bezalako aditz-formekin. Izan ere, ez dut ingeles hizkuntza edo beste edozein hizkuntza hartuko hizpide, baizik eta askoz oinarrizkoagoa den zerbait: hizkuntza ikasi, erabili eta ulertzeko sena. Au-rrenekoz historian, bada horren gainean zer idatzi. Duela hogeita hamar bat urte zientzia berri bat sortu zen, orain «zientzia kognitiboa» deritzona. Zientzia horrek psikologiako, informatikako, hizkuntzalaritzako, filoso-fiako eta neurobiologiako ekaiak uztartzen ditu giza adimenaren funtzio-namendua azaltzeko. Hizkuntzaren zientziak, bereziki, aurrerapen ikusga-rriak egin ditu ordutik. Hizkuntzaren fenomeno asko ongi ulertzen hasi gara, kamera bat nola dabilen edo barea zertarako dugun ulertzen dugun bezain ongi ia. Aurkikuntza zirraragarri horiek ezagutarazi nahi nituzke hemen, horietako batzuk zientzia modernoko beste edozer bezain ede-rrak eta argiak baitira, baina badut beste asmorik ere.

Hizkuntza-gaitasunen gaineko azalpen berriek ondorio iraultzaileak dituzte hizkuntza ulertzeko eta hizkuntzak giza arazoetan duen eginki-zunaz jabetzeko dugun eran, baita gizadiaz beraz dugun ikuspegian ere. Pertsona eskolatu gehienek badituzte, noski, hizkuntzari buruzko iri-tzi sendoak. Ongi dakite gizadiaren kultura-sorkuntzarik garrantzitsuena dela: sinboloak erabiltzeko ahalmenaren adibide nagusia, eta biologian au-rrekaririk ez duen gertakaria, gainerako animaliengandik bereizkuntza argi eta garbia ezartzen duena. Ongi dakite hizkuntzak gogoa moldatzen

Page 10: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA10

duela eta hizkuntza desberdinek hiztunei errealitatea modu desberdine-tan ikusarazten dietela. Ongi dakite haurrek heldu eredugarriengandik eta zaintzaileengandik ikasten dutela hitz egiten. Ongi dakite lehengo esko-letan gramatika-ezagutza sendoa bultzatzen zela baina egungo hezkuntza-maila apalek eta herri-kulturaren beherakadak guztiz makaldu duela hiri-tar arruntak perpaus gramatikal bat sortzeko duen gaitasuna. Ongi dakite, orobat, ingelesa hizkuntza xelebrea eta logikaren kontrakoa dela. Ongi dakite ingeles ortografiak pentsaezinezko mugetaraino eramaten duela erokeria —George Bernard Shaw kexu zen, ingelesez fish (/fix/ ahoska-tua, «arrain») hitza ghoti bezala ere idatz zitekeelako berdin-berdin (gh le-trak tough (/taf/ «gogor») hitzean bezala ahoskatuz, hots, «f» bezala; o letra, women /uimen/ «emakumeak» hitzean bezala, hots, «i»; eta ti, azkenik, na-tion /neixon/ «nazio» hitzean bezala, hots, euskarazko «x» bezala)—, eta erakunde publikoen inertziak baizik ez duela eragozten sistema arraziona-lago bat ezartzea, hots, «esaten dena idatzi» moduko sistema bat.

Hurrengo orrialdeetan iritzi horiek den-denak oker dabiltzala era-kusten saiatuko naiz. Oker dabiltza, bai, eta arrazoi bakar batek okertzen ditu. Hizkuntza ez da kultura-asmakizun hutsa, orduak eta minutuak edo gizarte-erakundeek nola funtzionatzen duten ikasten dugun bezala ikas-ten duguna. Aitzitik, gure burmuinaren osaera biologikoaren atal bereizi bat da. Gaitasun konplexu eta espezializatua da hizkuntza; haurrarengan berez garatzen da, oharkabean, irakaspen formalik gabe, azpian duen lo-gika ulertu gabe, eta kualitatiboki berdina da gizabanako guztiongan, in-formazioa prozesatzeko edo bestelako gaitasun kognitibo orokorragoe-tatik bereizia. Arrazoi horiek direla-eta, zientzialari kognitibo batzuek gaitasun psikologiko gisa, gogoko organo gisa, sistema neural gisa edota modulu konputazional gisa deskribatu izan dute hizkuntza. Hala ere, ai-tor dut, nik nahiago dut deitura bitxiago bat: «sena». Hitz horrek, izan ere, ongi islatzen du azaldu nahi dudan ideia: alegia, armiarmek beren ama-raunak ehuntzen dakiten eran, halaxe dakiela jendeak hitz egiten. Amarau-nak ehuntzea ez da historiak ahazturiko armiarma artista xelebre baten asmakizuna, ez du heziketa egokia jaso izanarekin zerikusirik, edo arki-tekturarako edo eraikuntzarako dohain edo gaitasun bereziak izatearekin. Armiarma-burmuina dutelako ehuntzen dituzte armiarmek amaraunak, eta horrexek bultzatzen ditu amaraunak egitera, artez egitera bultzatu ere. Amaraunen eta hitzen artean desberdintasunak dauden arren, hizkuntza modu horretara ikustera eraman nahi zaitut, horrela hobeki ulertuko bai-tira hemen aztertuko ditugun fenomenoak.

Page 11: 12 ZIO Hizkuntza-sena

ARTE BAT GUREGANATZEKO SENA 11

Hizkuntza sen gisa ikusteak jendartean dabiltzan uste gehienak han-kazgoratzen ditu, batik bat humanitateetan eta gizarte-zientzietan hizkun-tza aurkeztu ohi den modua kontuan harturik. Hizkuntza ez da kultura-sorkuntza bat, ez behintzat hanka bitan zutik egotea baino areago. Ez da sinboloak erabiltzeko gaitasunaren adibide bat: hiru urteko ume bat, iku-siko dugun bezala, gramatikari trebea da, baina ez da gai arte plastikoetan, erlijio-ikonografian, zirkulazio-seinaleetan eta semiotika-curriculumaren beste gai oinarrizkoetan. Homo sapiensarena soilik den gaitasun liluragarria izateak ez luke hizkuntza giza biologiaren ikerketa-eremutik kanporatu behar; espezie bizidun batena bakarrik den gaitasun liluragarri bat ez baita guztiz aparteko kontua animalia-erreinuan. Saguzar mota batzuek Dop-pler sonarraz baliatzen dira intsektu hegalariengana zuzentzeko. Hegazti migratzaile mota batzuek milaka kilometro egiten dituzte konstelazioen itxura eguneko unearen eta urtaroaren arabera kalibratuz. Naturaren ta-lentu-jaialdi handi horretan gu ez gara primate-espezie bat baino, geure trebezia propioa dugula: arnasa kanporatzean egiten ditugun hotsak mo-dulatuz, nork nori zer egin dion (eta hari buruzko informazioa) elkarri komunikatzeko gaitasuna, alegia.

Hizkuntza komunikatzeko moldaera biologikotzat jotzen hasten ga-ren unean, eta ez giza apartekotasunaren muin ezin adierazizkotzat, ez zaigu horren erakargarria irudituko hizkuntza gogoaren zizelkari mal-tzurra izatea, ez baita hala, ikusiko dugunez. Gainera, hizkuntza natura-ren ingeniaritza-miraritzat begietsiz gero —Darwinen hitzetan «egituran eta moldaeran duen perfektutasunagatik gure miresmena pizten duen» organo bat— begirune berri batez ikusiko dugu hiztun arrunta, baita ingeles hizkuntza bera ere (nahiz beste edozein hizkuntza), maizegi belztua izan dena. Zientzialariaren ikuspuntutik hizkuntzaren konplexu-tasuna gure sortzezko ondare biologikoaren osagaia da; ez da gurasoek seme-alabei irakasten dieten zerbait, edo eskolan landu beharreko zer-bait —Oscar Wildek esan bezala, «Gauza miresgarria da, bai, hezkuntza; baina, noizean behin, on da gogoratzea jakitea merezi duenik ezin ira-kats daitekeela»—. Eskolaurreko ume baten gramatika-ezagutza isila, es-tilo-libururik mardulena edo informatikako hizkuntza-sistemarik aurre-ratuena baino landuagoa da, eta gauza bera esan daiteke gizaki osasuntsu guztiez, baita joskera gaiztoa erabiltzen duten futbolariez ere, edota ga-norazko etorririk ez daukan, tira, ba... e... hori, zera, gaztejendeaz. Azke-nik, hizkuntza sen biologiko ongi eratu baten emaitza denez gero, ez da, ikusiko dugunez, kazetari bihurri batzuek hartaz antolatu nahi diguten

Page 12: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA12

saski-naskia. Kaleko hizkeraren duintasuna erakusten saiatuko naiz eta, hori nahikoa ez balitz, badut laudorio bat edo beste ere ingelesaren or-tografia-sistemari eskaintzeko.

Hizkuntza nolabaiteko sentzat behar zela Darwinek berak adierazi zuen aurrenekoz, 1871. urtean. The descent of Man («Gizonaren jatorria») lanean, hizkuntzaren kontuari aurre egin behar izan zion, hizkuntza giza-kietan bakarrik egoteak zalantzan jartzen baitzuen haren teoria. Gai guz-tietan bezala, harrigarriro modernoak dira Darwinen iruzkinak:

Filologiaren zientzia noblearen sortzaileetariko batek dioen be-zala, trebezia bat, arte bat da hizkuntza, garagardoa edo ogia egitea bezala; idaztea izango zen, baina, konparazio hobea. Egia da ez dela benetako sena, hizkuntza oro ikasi egin behar baita. Edonola ere, arte arrunt guztietatik urrun da, mintzatzeko berezko joera baitu gizakiak, gure haur txikiak totelka hasten direnean ikus dezakegu-nez; aldiz, haurrek ez dute garagardoa, ogia egiteko edo idazteko senezko joerarik. Gainera, orain filologoek ez dute onartzen hiz-kuntzak nahita asmatuak izan direnik; astiro-astiro eta oharkabean garatu dira, noski, hainbat urratsetan.

Darwinek ondorioztatu zuen «arte bat bereganatzeko joera senezkoa» dela hizkuntza-gaitasuna, eta eredu hori ez dela soilik gizakiona, beste es-pezie batzuetan ere aurkitzen baita: kantuak ikasten dituzten txoriengan, esate baterako.

Hizkuntza-senaren ideia onartzea gogorra gerta dakieke hizkuntza giza adimenaren gailur gorena dela irizten dioten askori, batik bat senaren ideiak gogora ekartzen dien guztia piztia iletsuak ibaietan eustormak egi-tera eta lumadun izakiak hegoaldera hegan egitera bultzatzen dituen grina basatiak badira. Baina Darwinen jarraitzaileetariko bat, William James, ohartu zen senaren jabeak ez duela zertan «erabateko automata» baten gi-sara jokatu. Hark zioenez, animaliek dituzten sen guztiak ditugu guk, eta baita beste hainbat ere; gure adimen malgua, izan ere, lehian diren sen as-koren elkarlanak sortu du. Izan ere, gizakion pentsamenduaren senezkota-sunak berak eragozten digu sena dela konturatzea:

Ikasiaren ikasiaz gaiztoturiko adimena behar da, zinez, naturala denari arrotz itxura ematerainoko prozesua burutzeko, senezko giza egintza baten zergatiaz galdetzeraino. Metafisikariari baino ezin bu-

Page 13: 12 ZIO Hizkuntza-sena

ARTE BAT GUREGANATZEKO SENA 13

rura dakizkioke honelako galderak: Zergatik egiten dugu irri atse-gin hartzen dugunean, kopeta ilundu beharrean? Zer dela-eta ez gara jendaurrean buruz buru bezala mintzatzeko gai? Zergatik txo-ratzen gara delako neskatxa horren aurrean? Jende arruntak hau baino ezin esan: «Jakina irri egiten dugula, jakina pilpiratzen zaigula bihotza jendaurrean, jakina maite dugula neskatxa, arima eder hura, itxura perfektu hartaz jantzia, bistakoa eta nabarmena baita betiko-tasun guztian maitatua izateko sortua dela!»

Eta hala pentsatuko du edozein animaliak, ziur asko, objektu ja-kin batzuen aurrean egin ohi dituenak direla-eta... Lehoi arraren-tzat lehoi emea da maitatzeko sortu dena; hartz arrarentzat, hartz emea. Ziur asko, oilo lokarentzat, berriz, izugarria litzateke pen-tsatzea, lurrean inor bizi litekeenik zeinarentzat arrautzaz betetako habia ez den harentzat bezain gauza guztiz liluragarri eta baliotsua, sekula nekatu gabe txitatzeko modukoa.

Hortaz, animalia batzuen senak inon diren misteriotsuenak izanik ere, ziur egon gaitezke, gureak are misteriotsuagoak irudi-tuko zaizkiela haiei. Eta sen bati men egiten dion animaliarentzat, sen horren bulkada guztiek eta urrats guztiek berezko argia du-tela ondoriozta dezakegu, eta unean egiteko egoki eta zuzen baka-rra irudituko zaiola egiten duen huraxe. Nola ez du, bada, zirrara atsegingarri batek astinduko eulia, azkenean haren obiposito-rea deskargatzeko munduko beste ezerk ez bezala kilikatzen duen hosto, sarraski, simaur-puska berezi hura aurkitzean?—Ez al da des-karga hori, harentzat eta une hartan, egoki den zer bakarra? Kez-katu behar al da, edo ezer jakin behar al du, etortzekoa den harraz eta haren elikaduraz?

Ezin dezaket neure helburu nagusirako adierazpen egokiagorik aur-kitu. Hizkuntzaren funtzionamendua hain dago gure oharmenetik urrun nola erruteko arrazoi nagusiak euliarenetik. Gure burutapenak ahotik hain erraz ateratzen zaizkigunez, sarritan lotsarazten gaituzte, gure bu-ruko zentsuratzaileengandik itzurita. Perpausak ulertzen dihardugunean, gardena egiten zaigu hitz-jarioa; hain automatikoki antzematen diogu esanahiari, non aise ahantz dezakegun film bat hizkuntza atzerritar ba-tean egina dela eta azpitituluak dituela. Uste dugu ama imitatuz jasotzen dutela haurrek ama-hizkuntza, baina haur batek kamioiak ekarri dut edo nik apurtu ez dut esaten duenean, hori ezin daiteke amaren imitatze soila izan. Ikasi duzun guztia burutik ezabatu nahi nizuke, dohain natural ho-

Page 14: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA14

riek arrotz gerta dakizkizun, itxuraz hain arrunt zaizkizun gaitasun horiek «zergatik» eta «nola» diren galdegin dezazun. Etorkina bigarren hizkun-tzan nekez saiatzen edo apoplexia-gaixoa jaiotzetiko hizkuntza ekoizteko eginahalean ikuska itzazu, haur-hizkerako edozein pasarte xeheki aztertu, edo zoaz ordenagailu bat programatzera euskara uler dezan, eta hizketarik arruntena ere beste era batean agertuko zaizu. Erraztasuna, gardentasuna eta automatikotasuna ez dira irudipenak baino, sistema guztiz oparoa eta ederra estaltzen duten irudipenak.

Mende honetan, hizkuntza senaren antzekoa dela dioen argudiobide-rik ospetsuena Noam Chomsky hizkuntzalariak ekarri digu. Hura izan zen sistemaren xehetasunak azaltzen lehena eta, ziur asko, bera da hiz-kuntzaren eta zientzia kognitiboaren iraultza modernoaren arduradun nagusia. 1950eko hamarkadan, behaviorismoa zen nagusi gizarte-zien-tzietan, John Watson-ek eta B.F. Skinner-ek ezagutarazi zuten pentsa-mendu-eskola. «Jakin» eta «pentsatu» bezalako termino mentalak zien-tziaz kanpokotzat iritzi ziren; «gogo» eta «innato» hitz zikinak ziren. Estimulu eta erantzunezko ikasteari buruzko arau gutxi batzuen bitartez azaltzen zen jokabidea, eta barrak sakatzen zituzten arratoiak edo tonuak entzutean listua jariatzen zuten txakurren bidez aztertzen. Horretan, hiz-kuntzari buruzko bi funtsezko egitate nabarmendu zituen Chomskyk. Batetik, pertsona batek esan edo ulertzen dituen perpaus ia guztiak hitz-konbinazio berri-berriak direla, unibertsoaren historian lehen aldiz azal-tzen direnak. Beraz, hizkuntza bat ezin daiteke erantzun-zerrenda hutsa izan; errezeta edo programa bat izan behar du burmuinak, hitz-zerrenda mugatu batetik abiatuta perpaus-sorta mugagabea sortzeko gai dena. Gramatika mentala esan dakioke programa horri (ez baita nahasi behar «gramatika» pedagogiko edo estilistikoekin, horiek prosa idatzirako arau-bideak baino ez baitira). Bigarren funtsezko egitatea da haurrek laster eta irakaspen formalik gabe garatzen dituztela gramatika konplexu horiek, lehenago inoiz ikusi ez dituzten perpaus-egitura berriei interpretazio koherenteak ematera heltzeraino. Horregatik —zioen Chomskyk—, hiz-kuntza guztien gramatikek duten eredu bat izan behar dute noski hau-rrek sortzez: Gramatika Unibertsal bat, alegia, hark esango baitie nola destilatu gurasoen hizketatik egitura edo eredu sintaktikoak. Honela adierazi zuen Chomskyk:

Azken mendeetako historia intelektualeko kontu guztiz bi-txia da nola garapen mentala eta fisikoa bide guztiz desberdinetatik ikertu izan diren. Inork ez luke serio hartuko, esate baterako, giza

Page 15: 12 ZIO Hizkuntza-sena

ARTE BAT GUREGANATZEKO SENA 15

organismoak besoak —eta ez hegalak— izaten ikasten duela espe-rientziaren bidez, edo organo jakinen oinarrizko egitura halabeha-rrezko esperientziaren emaitza dela. Aitzitik, ziurtzat jotzen da ge-netikoki baldintzaturik dagoela organismoaren egitura fisikoa, nahiz eta, jakina, neurria, garapen-maila eta bestelako dimentsio batzuen aldakuntza kanpo-faktoreen menpe egon, hein batean...

Goi-organismoen nortasunaren garapena, jokabide-ereduak eta egitura kognitiboak oso bestela aztertu izan dira maiz. Alor horie-tan faktore nagusia gizarte-ingurunea dela uste izaten da, oro har. Denboran zehar garatzen diren gogoaren egiturak arbitrariotzat eta halabeharrezkotzat jotzen dira; ez dago «giza naturarik» historiaren ekoizpen zehatz modura garatzen denetik aparte...

Baina giza sistema kognitiboak serioski ikertzen direnean ohar-tzen gara organismoaren bizitzan garatzen diren gainerako egitu-ren aldean, berdintsu miragarriak eta konplexuak direla. Zergatik ez aztertu, bada, hizkuntza bezalako egitura kognitibo horretaz ja-betzeko prozesua edozein gorputz-organo konplexu aztertzen du-gun bezala?

Lehen begiratuan, zentzugabea lirudike proposamenak, giza hizkuntzen aldagarritasun handiagatik baino ez bada ere. Hausnar-keta xeheago batek, baina, deuseztatu egiten ditu zalantza horiek. Hizkuntza-unibertsalei buruz funtsezkorik ezer gutxi jakinik ere, nahikoa ziur egon gaitezke zorrozki mugaturik dagoela litekeen hizkuntza-aldagarritasuna... Eraikuntza aberats eta konplexua da banako bakoitzak bereganatzen duen hizkuntza, ezinbestean zehaz-tugabea, [haurrak] eskura dituen froga zatikakoak aintzat harturik. Haatik, hizkuntza berbera garatu dute funtsean hizkuntza-elkarte bateko gizabanakoek. Hori bakarrik azal daiteke onarturik grama-tikaren eraikuntza artezten duten printzipio guztiz murriztaileak erabiltzen dituztela gizabanako horiek.

Chomskyk eta beste hizkuntzalari batzuek, pertsona arruntek beren ama-hizkuntzakoak jotzen dituzten perpausen azterketa tekniko neke-tsuak eginez, jendeak hizkuntza jakin bakoitzaz duen ezagutzaren azpian dauden gramatika mentalei eta gramatika zehatz hauen azpian dagoen Gramatika Unibertsalari buruzko teoriak garatu zituzten. Handik laster, Chomskyren lanak beste hainbat zientzialari bultzatu zituen hizkuntzaren ikerkuntza-alor erabat berriak zabaltzera —besteak beste, Eric Lenneberg, George Miller, Roger Brown, Morris Halle eta Alvin Liberman— haur-

Page 16: 12 ZIO Hizkuntza-sena

HIZKUNTZA-SENA16

garapenetik edo hizketaren hautematetik hasi eta neurologia eta geneti-karainokoak. Une honetan, milaka dira hark aurkezturiko arazoak iker-tzen diharduten zientzialariak. Egun, hamar idazle aipatuenen artean dugu Chomsky (Hegel eta Zizeronen aurretik, eta bakarrik Marx, Lenin, Sha-kespeare, Biblia, Aristoteles, Platon eta Freuden atzetik), eta bera da top ten hortako kideetatik bizirik dagoen bakarra.

Besterik da, baina, aipamen horiek zer esaten duten. Chomskyk jendea artegatu egiten du. Erreakzioak askotarikoak dira, erlijio-gurtza bitxietako guruentzat gorde ohi den miresmen-lilurazko begirunetik hasi eta akade-miko batzuek goi-arte bihurtu duten erretolika garratzerainokoak. Hori hala bada, neurri batean, Chomskyk xx. mendeko bizitza intelektuala-ren oinarri bati eraso egin diolako da; hain zuzen ere «Gizarte Zientziaren Eredu Estandarra» deritzonari, zeinaren arabera inguruko kulturak mol-datzen baitu giza psikea. Ez da pentsalaririk, bestalde, Chomskyri ez iku-siarena egin diezaiokeenik. Hona zer onartu duen, esate baterako, Hilary Putman filosofoak, haren kritikari zorrotzenetako batek:

Chomsky irakurtzen duzunean, ahalmen intelektual handiaren zirrarak hunkitzen zaitu; ohartzen zara ohiz kanpoko adimen baten aurrean zaudela. Horren zergatia haren nortasun ahaltsuaren xarma da batetik, eta, bestetik, haren ageriko bertute intelektualak: original-tasuna, gai iragankor eta azalekoak arbuiatzeko joera; iraganekoak zi-ruditen jarrerak (hala nola «ideia innatoen doktrina») berpizteko za-letasuna (eta gaitasuna); berebiziko garrantzi iraunkorra duten gaiak —hala nola giza gogoaren egitura— aztertu eta lantzeko kezka.

Liburu honetan kontatuko dudan istorioak Chomskyren eragin sakona du, bistan denez. Baina ez da haren istorioa zehatz-mehatz, eta ez dut kontatuko hark kontatuko lukeen bezala. Chomskyk irakurle asko harritu ditu, hautespen natural darwindarrak (beste eboluzio-prozesu batzuek ez bezala) berak defendatzen duen hizkuntza-organoaren jatorria azaltzeko izan dezakeen ahalmenaren aurrean agertzen duen eszeptizismoa dela-eta. Nire iritziz, hizkuntza, begia bezala, eboluzio-moldaeratzat hartzea eman-korra da, dituen atal nagusiak funtzio garrantzitsuak burutzeko diseinatuta baitaude. Eta Chomskyk hizkuntzaren izaerari buruz aurkezten dituen ar-gudioak hitzen eta perpausen egituraren azterketa teknikoetan oinarritzen dira, formalismo ulergaitzetan bilduta sarri. Hezur-haragizko hiztunei bu-ruz ematen dituen azalpenak laburregiak dira, guztiz idealizatuak. Haren argudioetako askorekin bat banator ere, uste dut gogoari buruzko ondorio

Page 17: 12 ZIO Hizkuntza-sena

ARTE BAT GUREGANATZEKO SENA 17

bat konbentzigarria izango bada, froga ezberdin ugaritan oinarritu behar dela. Liburu honetako istorioa, beraz, oso eklektikoa da, ADNak burmui-nak nola eratzen dituen aztertzen hasi eta hizkuntzari buruz mintzo diren iritzi-kazetarien ustekizun edo dogmetaraino baitoa. Galdera egitea da abiapunturik onena: zergatik sinetsi behar ote luke inork giza hizkuntza sena dela, hots, giza biologiaren atala?