geografia eta kartografia...lurraren irudikapena hiru dimentsiotan egiten da eta desitxuraturik...
TRANSCRIPT
Geografia eta kartografia
Kartografia, mapak eta planoak lantzeko, marrazteko eta argitaratzeko erabiltzen diren azterketa eta
eragiketa zientifiko, artistiko eta teknikoen multzoa da. Lurrazalean egindako behaketa edo idatzizko
dokumentu baten ustiapenetik hasi eta landutako dokumentuak inprimatu, euskarri informatikoetan gorde
eta zabaltzeko egin beharreko lan guztiak barne hartzen ditu.
Has gaitezen!
Lurra irudikatzea
Lur planeta gizon-emakumeon lurra da. Guretzat oso handia den arren, eremuz eguzki-sistemako bosgarren
planetarik handiena besterik ez da. Planetaren azalera 510.101.000 km²-koa da. Lur planeta geoidea da, hau
da, ez da erabat biribila, esfera-formakoa baizik eta poloetan pixka bat zapala da. Zapala denez gero,
Lurraren diametroa handiagoa da gerrialdean, ekuatorea deiturikoan, poloetan baino. Hala, gure planeta
alderik zabalenetik inguratu nahi izanez gero, ekuatorearen lerroari jarraitu beharko genioke (40.074 km).
Irudizko lerro horrek hemisferio izeneko bi zati berdinetan banatzen du Lurra. Ipar hemisferioaren %39
lurrazal kontinentala da, aldiz, Hego hemisferioaren, %19 soilik. Gainerako guztia ura da.
Bitxikeria
Lur planetaren gaineko datu batzuk:
• Lurrraren diametroa ekuatorean: 12.756 km
• Lurraren zirkunferentzia ekuatorean: 40.074 km
• Lurraren diametroa polo batetik bestera: 12.713,82 km
• Lurraren abiadura ekuatorean, ardatzaren inguruko mugimenduan: 620 kilometro
orduko
• Lurrazala: 510.101.000 km²
• Lurraren bolumena: 1.083.320.000.000 km³
Lurra ia esfera bat dela kontuan izanda, irudikatzeko modurik egokiena beste esfera bat erabiltzea da, hau
da, mundu-bolaedo lurbira-globoa. Baina gainazaleko xehetasunak (erliebeak, distantziak, eremuak, puntu
kardinalak eta abar) irudikatu nahi badira, bola edo globo horiek ikaragarri handiak izan beharko lukete eta
ezinezkoa litzateke gainazal osoa batera ikustea. Asmo horrekin sortu zen Kartografia, lurrazalaren irudiak
mapetan jasotzen dituen jakintza arloa.
Baina lurbira-globoan ezin daiteke Lurraren gainazal osoa aldi berean ikusi eta leku batetik bestera
eramateko ere ez da batere erosoa gertatzen. Horregatik erabiltzen dira mapak. Mapak eskala jakin batean
eta gainazal lau batean adierazten den lurrazaleko zati baten ezaugarriak batzen dituen irudikapen grafiko
lauak dira. Mapak Lurraren gainazal osoa adierazten badu, planisferio edo munduko mapa esaten zaio.
Azalera kurbatua, Lur planetarena esaterako, gainazal lau batean, hau da, paper gaineko mapetan,
irudikatzeko kartografoek proiekzioak erabiltzen dituzte.
Lur planeta
Mundu-bola eta mapak
Lurrazala bere horretan irudikatzea zaila da, bai tamainarengatik bai haren esferikotasunarengatik. Zailtasun
hori saihesteko kartografoa hainbat euskarri erabiltzen saiatu izan da:
Lurbira-globoa
Lurraren irudikapena hiru dimentsiotan egiten da eta desitxuraturik jasotzen ez duen irudikapen geografiko
bakarra da. Gehienetan lurbira-globoetan Lur planeta irudikatzen bada ere, Eguzkia, Ilargia edota beste
planeta batzuk ere irudika daitezke.
Lurbira-globoak angeludun euskarri batean jartzen dira, modu horretan, errazagoa baita planetaren angelua
eguzkiarekiko eta bere mugimenduarekiko irudikatzea eta egunak eta urtaroak nola aldatzen diren ikustea.
Lurbira-globoek Lurraren topografia erakusteko erliebeak ere eduki ditzakete. Orokorrean ohikoa baino
eskala handiagoak erabiltzen dira, erliebea ikusgarria gerta dadin. Horrela egingo ez balitz, globoa guztiz
laua litzateke.
Gaur egun egiten diren lurbira-globo gehienek paraleloak eta meridianoak marrazturik dauzkate, lekuak
bilatzeko erreferentzia orokor moduan erabil daitezen.
Lur bira Jason Bachman
CC
Mapak eta planoak
Eremu handi samarra hartzen duen gainalde jakin baten mapa edo planoa egin nahi denean, Lurraren
esferikotasuna paperezko orri lau batean nola irudikatu izaten da arazoa. Hori konpontzeko daude mapak
eta planoak:
Mapak: Lur planeta edo haren zati baten adierazpen geografikoa gainazal lau batean. Mapek zientzia jakin
bateko informazioa ematen dute, esate batera, mapa linguistikoak, demografikoak eta abar.
Planoak: irudikatu beharreko lurraldearen hedadura txikia denean eta lurrazalaren kurbadura oso txikia, ez
da proiekzio-sistemarik erabili beharko. Lurralde horien irudikapenari planoa deitzen zaio. Planoa lurzoru
baten adierazpena ez ezik, herri batena, makina batena, eraikin batena edo hiri bateko metroaren lineen
adierazpena ere izan daiteke.
Collage
Atlasa
Atlasak liburu moduan antolatuak dauden mapa-bildumak dira, nahiz eta gaur egun gero eta ohikoagoa den
multimedia formatuan agertzea. Mota askotako atlasak daude: fisikoak, politikoak, linguistikoak,
ekonomikoak, etnologikoak, sozialak, erlijiozkoak eta abar.
Atlas hitzaren jatorria greziar mitologian dago: Atlas edo Atlante erraldoi gazte bat zen eta Zeus jainkoak
mundua eusten zuten zutabeak sorbalda gainean eustera zigortu zuen. Ondoren, Gerhard
Mercator mapagileak argitaratutako mapa-liburuari Atlas (1594) izena jarri zion; beraz, esan daiteke bera
izan zela mapa bilduma bat atlas izenarekin izendatzen lehena.
Atlas guztiek aurkibide toponimikoa dute, non atlasean agertzen diren leku-izenak alfabetikoki zerrendaturik
ageri diren. Toponimo bakoitzak erreferentzia bat dauka, atlasean aurkitu ahal izateko. Leku jakin bat
aurkitzeko, aurkibideko zerrendan bilatu behar dugu. Lekuaren izenaren alboan bi datu ageri dira: atlaseko
zer orrialdetan azaltzen den eta mapako zer eremutan dagoen. Eremua koordenatuen bidez mugatu ohi da,
irudizko lauki-sare batean zer lekutan dagoen adierazten duten letrak eta zenbakiak erabiliz (X eta Y).
Hemen daude digitalizatutako atlasen zenbait adibide:
• Bodenehr, Gabriel: Atlas Curieux oder Neuer und Compendieuser Atlas
• Atlas ilustrado de las montañas y cordilleras de España
Gaur egun multimedia formatuan geroz eta atlas gehiago argitaratzen da. Hona hemen Euskal Herriko datu
sozioekonomikoak bistaratu, kontsultatu eta deskargatzeko ataria. Sar zaitez eta saltseatu!
Joan Martines-en Atlasa
Kartografia sistema berriak
Egun, teknologia aurrerapenen ondorioz, mapak sortzeko eta egiteko erreminta berriak erabiltzen dira.
Aireko argazkiei, satelite artifizialei eta informatikari esker gertatu da hori. Informatikari eta ordenagailuz
lagundutako kartografiari esker, askoz ere informazio gehiago kartografiatu daiteke, eta mapak egiteko lana
errazagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da. Kartografoek teledetekzioaren bidez lortutako datuak jaso eta
ordenagailuan prozesatzen dituzte, zehaztasun handiko mapak egiteko.
• Geografia Informazioko Sistemak (GIS): Geografia Informazioko Sistemak (ingelesez GIS, geographic
information system) sistema informatikoak dira, elkar erlazionatu daitezkeen datu geografikoen datu-
base batez osatua. GIS batek datuak atzemateko, gordetzeko, bilatzeko eta kudeatzeko, aztertzeko eta
mapatan eta dokumentutan erakusteko baliabideak izaten ditu. Datu guztiak formatu digitalean
erabiltzen dira; direla testuak, argazkiak, mapak edo landa-lana eginez jasotzen diren datuak
ordenagailuak erabil ditzakeen moduan jarri behar dira.
Geografia Informazioko Sistemak informazioa kapetan edo mailetan azaldu dezake, hau da, informazioa
gaika desglosa dezake (erliebea, hidrografia, komunikabideak).
GIS-ak hainbat aukera eskaintzen dituzten tresnak dira: lurralde bati buruzko hainbat datu lortu, datu
horiek editatu, simulazioak egin, mapak sortu… Esate baterako, hondamendi natural bati erantzuteko
denborak kalkulatzeko edo lehiakortasun gutxiko eremu batean negozio bat jartzeko erabil litezke
sistema horiek.
• Kokatze-sistemak: gaur egun lokalizazio-sistemarik ezagunena GPS deiturikoa da. Ingelesezko Global Positioning System (GPS) edo Kokapen Sistema Globala, satelite artifizialen bidezko nabigazio-sistema bat
da eta une jakin batean posizio geografiko bat zehazteko modua ematen du. Hiru satelite erabiltzen ditu,
gutxienez, triangulazio egokia lortzeko. Oinarrizko datu horiez gain, beste hainbat baliabide ere
adierazten ditu (ibilbidearen norabidea, egindako bidea, bi punturen arteko distantzia eta abar). Sistema
horrek Lur osoan objektu, pertsona, ontzi edo ibilgailu baten kokapen zehatza ematen du zentimetro
gutxiko aldearekin.
Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak sortu zuen eta 1978an herritarren esku jarri zuen. Gaur egun
marinelek, mendizaleek eta edozein turistek erabiltzen duten erreminta ohikoena izan arren, komeni da
iparrorratz analogikoa erabiltzen jakitea, GPS sistema hondatuz gero larrialdi batetik irteten lagun
diezazuke-eta!
Naturgaia: GPS eta Google Earth
• Teledetekzioa: aire- edo espazio-ibilgailuetan kokaturiko tresnek jasotako eta tratatutako datuak erabiliz
espazioa irudikatzeko teknika-multzoa da. Teledetekzio-teknikarik erabiliena airetiko argazkia den arren,
espazioan sateliteetan jarritako sentsoreen bidez hartzen diren irudien garrantzia gero eta handiagoa da.
Kartografia berriak
Steven Kay CC BY-SA
Kartografia historian zehar
Kartografia mapak egiteko artea eta zientzia da, eta mapak gainazal lau batean egindako lurrazal puska
baten irudikapenak dira. Paper, oihal edo harri gainean marraztutako mapak antzinatik egin izan dira, baina
XIV. eta XV. mendeetan hasi zen kartografia modu zientifiko eta zorrotzago batean egiten. Inprenta asmatu
zenean mapagintzak gorakada gogorra izan zuen, zeren ordutik aurrera posible izan baitzen mapak, ordura
arte eskuz egiten zirenak, azkarrago eta kopuru handitan egitea.
Antzina, lurra ibai handi batez inguratutako disko laua zela uste zen eta mundua marrazteko diskoa erabili
zuten hainbat mendez, Greziako filosofo handiek, eta nagusiki Aristotelesek, esferikotasunaren ideia
gailentzea lortu zuten arte. Greziako zibilizazioak goratu zuen kartografia zientzia mailara. Lur planetaren
forma behin betiko ezarri ondoren, Lurrak neurria behar zuen, eta horretan jardun zuten zientzialariek.
Haietako batek, Alexandriako liburuzaina izan zenak Eratostenesek, hain justu, K.a. III. mendean, Lurraren
zirkunferentzia 39.500 kilometrokoa zela kalkulatu zuen. (Gaur egun Ekuatoreko zirkunferentzia 40.000
kilometrokoa dela kalkulatzen da).
Baina mapak egiterakoan, kontuan izan behar zen gainazal lau batean marraztutakoak izatez biribila den
errealitatea islatu nahi zuela. Horretan ere, greziarrak izan ziren lehenak. K.a. II. mendean Hiparko
astronomoak egin zituen lehen proiekzioak. Lurra ahalik eta gutxien desitxuratzea zen proiekzio horien
helburua, nahiz eta deformazio minimoa saihestezina izan. Greziarren ondoren Erromatar Inperioak eutsi
egin zion mapagintzari, baina helburu praktikoei loturik, hau da, armada, zerga biltzaile eta beste helburu
batzuei lotutako erreminta moduan.
Goi Erdi Aroan agertu ziren geografia eta teologia uztartzen zituzten mapek baina haiek ez ziren
itsasgizonentzat erreminta zehatzak. Horregatik, mapa erabilgarriagoak eta doiagoak egiten hasi ziren XII.
mendean Asiatik ekarritako iparrorratzaz baliatuta: praktikoak ziren, nahiko zehatzak eta helburua
nabigazioa erraztea besterik ez zuten.
Europako Aro Modernoan sartzean (XV.-XVI. mendeak) Europako itsas potentzien beharrek erabat aldatu
zuen kartografiaren zientzia: europar espantsionismo eta esploratzaileei esker Lur planetaren ikuspegia guztiz
aldatu zen. Errenazimentuan zientzia erlijioaren mendekotasunetik askatu zen, eta mapagileak munduari
gaur duen itxura ematen hasi ziren. Mercatorrek, 1594an argitaratutako atlasean, kartografia modernoaren
ezaugarri gehienak bildu zituen, eta XVI. mendearen amaieran, oraindik lurralde ezagutu gabeak zeuden
arren, dagoeneko, munduak gaur egungoaren antzeko irudia zeukan.
Garai haietatik aurrera kartografia funtsezko jakintza estrategiko bihurtu zen. Hala, zientziaren garapenak,
neurtzeko tresna gero eta modernoago eta zehatzagoek, Amerikako eta Ozeaniako lurraldeen ezagutzak eta
abar gero eta mapagintza zehatzagoa bultzatu zuten.
Hona hemen mapagintzak mendeetan zehar izan duen garapenaren adibide txiki bat:
• Lurraren lehen mapak babiloniarrek egin zituzten K.a. 2300 urtean, buztinezko oholtxoetan. Mapa
horiek gehienak distantziak neurtzeko neurriak ziren, zergak jasotzeko. Beheko mapa Londreskoo Bristish
Museumean dago eta kontserbatu den maparik zaharrena da.
Babilonia
• Filosofo pitagorikoek Lurraren forma esferikoa aurkitu eta Eratostenesek (K.a. 275-195) neurtu zuen
meridianoaren arkuari esker, Claudio Ptolomeok orduan ezagutzen zen munduko mapa egin ahal izan
zuen. Ptolomeok, Europako, Asiako eta Afrikako gudarien, marinelen eta merkatarien eskarmentuan
oinarrituta osatu zuen mapa. Bertan, gainera, baskoien egoera lehen aldiz ageri da.
Tolomeo
• Castorius-ek IV. mendean eginiko Peutingeriar Tabula-k Erromatar inperioko probintziak, bideak, plaza
militarrak agerian utzi zituen. Iberiar penintsula dago eta baita Vasconia probintzia ere.
Tabula Peutingeriana
• XI. mendeko Saint-Sever monasterioko mapamundian Wasconia ageri da, oinean irakur daitekeen bezala.
Beatus map
• Iberiar Penintsularen lehen irudikapenetako bat hau izan zen.
Peninsula
• Aurreneko mapagileen eta mapa-inprimatzaileen eskola nagusia XVI. mendearen erdialdera garatu zen
Flandrian (egungo Belgikan eta Herbehereetan). Hantxe hasi ziren egiten mundu osoko atlasak.
Lehenbizikoa Theatrum Orbis Terrarum izenekoa izan zen, Abraham Ortelius-ek 1570ean argitaratua.
Ortelius
• XIV, XV eta XVI. mendeetan kartografia zientziatzat hartua izan zen. Garai horretakoa da Vatikano
Museoan dagoen Mapa kartografikoen galeria, non garaiko 40 mapa dauden margotuak.
Vaticano
Stefano Constantini; CC BY
• Toscanelliren munduko mapa XVI. mendeko aurkikuntzen aurretikoa da eta XV. mendearen bukaeran
Lur planetaren gainean zegoen ezagutzaren isla da.
Toscanelli
• Juan Sebastian Elkano getariar marinelak 1522an munduari bira eman zion lehen espedizioan parte hartu
zuen, Elkano Concepción ontziko maisua edo kapitaina zela. Bidaia hari esker, mundua biribila zela
frogatu ahal izan zen.
Elkano
Antxon Urrestarazu CC BY-NC-ND
Proiekzio kartografikoak
Lur planetak esfera itxura dauka eta lurrazalaren eremu bat gainazal lau batean grafikoki irudikatzeak
zailtasunak dauzka. Forma kurbatuen marrazketek desitxurapenak eragiten dituzte beti eta ezaugarriren edo
xehetasunen bat faltsutzen dute, hala nola erliebeak, distantziak, eremuak, puntu kardinalak eta abar.
Irudien desitxura saihesteko, kartografoek proiekzio izeneko mekanismo bat erabiltzen dute. Proiekzioekin
Lur planetaren lurrazal kurbatua gainazal lau baten gainean irudikatzea edo proiektatzea lortzen da.
Proiekzio kartografikoak sailkatzea zaila da, besteak beste, mota askotakoak daudelako. Mapak izango duen
erabileraren arabera kartografoek proiekzio bat edo beste erabiliko dute. Dena den, ezagunenak eta
erabilienak hiru dira: proiekzio konikoa, laua eta zilindrikoa.
• Proiekzio konikoa: Lurraren gainazala kono baten barruan imajinatzen da eta proiekzioaren oinarria den
puntua konoaren puntu altuena da. Tamaina eta distantzia erlatiboak mantentzen dira, baina lurraren
proportzio mugatuen irudikapena besterik ezin du irudikatu. Sistema hau oso erabilgarria da erdialdeko
latitudeetako eremuak irudikatzeko (tropikoen eta zirkulu polarren artekoak).
Claudio Ptolomeo kartografoa izan zen lehena sistema hau erabiltzen: meridianoen eta paraleloen sarea
esferatik mapara eraman zuen eta garai hartan ezagutzen zen munduko mapari aplikatu zion.
• Proiekzio laua: Lurraren gainazala planetatik oso urruti kokatutako puntu batetik egiten da proiekzioa.
Puntu horren beste aldean beste proiekzio bat egiten da, horrela biak bata bestearen alboan jartzen
direnean Lur planeta haren osotasunean ikus daiteke. Bi poloen inguruan tamainaren deformazio
nabariak sortzen diren arren norabideak zehatz mantentzen dira.
• Proiekzio zilindrikoa: Proiekzio ezagunenetakoa da. Proiekzio honek Lurraren gainazala planeta
inguratzen duen irudizko zilindro batean proiektatzen du. Ekuatoretik gertu ez du deformaziorik izango
baina puntu horretatik urrundu ahala deformazioa areagotzen da.
Proiekzioak
Geographic Information System Basics CC
Historian zehar tradizionalki erabiliena izan den proiekzioa Mercator-en proiekzio zilindrikoa izan da,
baina, proiekzio horrek ez ditu Hego hemisferioko eta Ipar hemisferioko lurrak maila berean jartzen, izan
ere, Ipar hemisferioak hegoaldekoak baino azalera handiagoa hartzen baitu. Hori dela eta, 1974ean Arno
Peters kartografo alemaniarrak beste proiekzio bat asmatu zuen non mapan marraztutako eremuak
benetako eremuekiko proportzionalak ziren. Proiekzio hori asmatzailearen izenaz da ezaguna, hau
da, Petersen proiekzioa.
Mercator proiekzioa
Strebe CC BY-SA 3.0
Peters proiekzioa
Strebe CC BY-SA 3.0