"independetziarako urrats sendoak emateko garaia" txostena

18
Independentziarako urrats sendoak emateko garaia Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014/2016

Upload: independentistak-sarea

Post on 07-Apr-2016

217 views

Category:

Documents


3 download

DESCRIPTION

Zuzenean deskargatzeko lotura

TRANSCRIPT

Independentziarako urrats sendoak emateko garaiaIndependentistak Sarearen 2. plan estrategikoa

2014/2016

Aurkibidea

1. Agertoki historikoaren aurrean: azken urteotako aldaketa nagusiak Euskal Herrian, Europan eta nazioartean .................................................................................................................................................. 9

1. 1. Nazioartea ..........................................................................................................................................................9

1. 2. Euskal Herria ......................................................................................................................................................9

2. Independentistak Sarearen ibilbidearen azterketa: urrats bat urrats asko behar zirenean ................... 10

3. Independentziarako bide orriaren gako nagusiak ................................................................................... 11

3. 1. Euskal paradigma berriaren beharra: bide orri propioa ......................................................................................11

3. 2. Subjektuaren afera ............................................................................................................................................11

3. 3. Euskal Estatua eraikitzen ari gara ......................................................................................................................12

3. 4. Aurrera begiratzen duen independentismo modernoa .......................................................................................12

4. 2014-2016 plan estrategikoa: independentziaren aldeko mezuetatik independentziaren oinarri materialen eraikuntza sendora ................................................................................................................. 13

4. 1. Borroka ideologikoaren inguruko sorkuntza eta koordinazioa ............................................................................13

4. 2. Mugimendu independentistaren indartze ideologikoa, politikoa eta antolakuntza mailakoa ................................14

4. 3. Elkarlana beharrezkoa den eragileekin tentsioak baztertzea ..............................................................................15

4. 4. Independentziaren aldeko mobilizazio maila igotzea ..........................................................................................15

4. 5. Independentzia materialerako oinarriak lantzea .................................................................................................15

4. 6. Euskal Herriaren autoantolaketa prozesuan era eraginkorrean parte hartzea ....................................................16

4. 7. Erabakitzeko eskubidea eta independentzia ......................................................................................................16

4. 8. Independentismo berriari bultzada emango dion diskurtsoa eraikitzen lagundu eta erabili .................................16

5. Diaspora, sarea munduan ......................................................................................................................... 17

5. 1. Ameriketako diaspora .......................................................................................................................................17

6. Antolaketa: sareen sarearen filosofia berreskuratu eta urrats berriak egiteko garaia ........................... 18

6. 1. Sareen sarea ....................................................................................................................................................18

6. 2. Balantzea .........................................................................................................................................................19

6. 3. Erronka berriak .................................................................................................................................................19

7. Autofinantzaketa, sarearen oinarrizko irizpideak eta filosofia mantentzeko bermea ............................ 19

Lan plangintza 2014 / 2016 ......................................................................................... 21

Eranskina: ekarpenak ...................................................................................................... 21

9

1. Agertoki historikoaren aurrean: azken urteotako aldaketa nagusiak Euskal Herrian, Europan eta nazioartean

Euskal independentismoa abagune berrian sartua dela inor gutxik uka dezake. Berrikuntza horren arrazoiak nazioartean bizi dugun olatu independentistan daude batetik, eta bestetik euskal independentismoa, eskema zaharrak apurtuz, egiten ari den bilakaeran. Guzti horrek independentziaren aukera inoiz baino ageriago jarri du. Aukera berrien aurrean gaude eta horrela pertzibitzen du euskal jendartearen gehiengoak.

1. 1. Nazioartea

Gure eremu geopolitikoan, Europan, abian dira estatu berriak sortzeko prozesuak. Prozesu horietan, gainera, gehiengo demokratikoak osatzeko estrategia nagusitu da eta horrek estatu ukatzaileen eraginkortasuna asko mugatu du. Espainia eta Frantzia ez daude eroso independentziarako borroka joko zelai horretan kokatu dela ikusirik.

Bestalde, XX. mende bukaeran eta XXI. mende hasieran nagusitu zen estatuaren beharrezkotasun ezaren diskurtsoa bertan behera ari da erortzen. Krisiak, estatuaren beharra kolokan jarri beharrean, krisiari aurre egiteko ezinbesteko baldintza dela jarri du agerian. Estatuen garrantzia gutxitzen ari delako eta epe ertainean desagertuko direlako fantasiak hondoa jo du. Zabaltzen ari, gainera, demokrazia eta herritarron askatasuna bermatzeko estatua beharrezkoa delako ustea. Horrek guztiak independentziaren aldarrikapena hauspotu egiten du; jada ez da eskari atzerakoi baten moduan ikusten, independentzia demokraziarekin lotuta agertzen da gero eta sarriago.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, olatu independentista berri baten aurrean gaudela uste dugu; epe ertainean estatu berriak sor daitezke Europan. Estaturik ez duten herriei gaur egun nazioartean dagoen aldeko haizea oso gutxitan etortzen zaie. Horrela denean, ahalegin guziak egin behar dira aprobetxatzeko. Euskal Herriak olatu hau hartu behar du.

1. 2. Euskal Herria

Euskal Herrian ere gauzak aldatzen ari dira. Nabarmena da espainiar eta frantziar estatuek atxikimendua sortzeko duten zailtasuna. Hori argiago ikusten da espainiar estatuaren kasuan, krisialdia, itxikeria eta ustelkeria direla eta, baina frantziar estatuaren kasuan ere, eta itxikeria dela medio, joera hau nabarmentzen ari da.

ETAren erabakiak, eragile politikoen arteko akordioek, herri ekimenak... espainiar eta frantziar nazionalismoen posizioak ahuldu dituzte. Erregionalismoak gainbehera doaz, jada ez dute jendea ilusionatzeko gaitasunik. Testuinguru horretan independentziaren aukera sendotuz doa eta etorkizunerako aukera zentzudun bakartzat ikusten du gero eta jende gehiagok.

Krisialdi ekonomikoa, menpekotasunaren ikusgarritasuna, bide autonomikoaren agorpena, abertzaletasunaren munduko aldaketak, ETAren urratsak, aldaketak mapa politiko eta elektoralean, frantziar estatuaren itxikeria eta espektatiba zapuztuak, abertzaletasunetik independentismora, paradigma berriak, erreferentzialtasun berriak sektore batzuendako, aspaldiko mugatzeak gainditzea…

Esanguratsuki, ETAren erabakiaren aurrean espainiar eta frantziar estatuak hartzen ari diren jarrera itxi eta ezkorra, gero eta herritar gehiagoren atxikimendurik eza pizten ari da, ez jarrera zehatz batekiko, estatuekiko baizik. Itxikeria horrek blokea dezake gatazka ziklo bat gainditzea, gure herriak eskatzen duena, baina, paradoxikoki, sezesiorako baldintzak biderkatzen ditu, ez baitu erdiko bideetarako aukera askorik uzten.

Gaur egun argi dago, ETAren jarduera armatua gelditzeko eskaerak bestela azaltzen baziren ere, ez dagoela inolako asmorik espainiar eta frantziar estatu eta alderdien aldetik egoera berri honi portaera aldaketa batekin erantzuteko.

10

Independentistak Sarea

Ez dugu uste, geure lehenbiziko plan estrategikoan aipatzen genuen moduan, giro oneko independentziarako biderik irekiko denik; ezin da independentziarako bide orririk egin espainiar eta frantziar estatuekiko akordioaren menpe.

Gauzak horrela, pertzepzio eta formulazio joera berriak agertzen/indartzen/zaharberritzen ari dira euskal jendartean: aurrerapena, ongizatea, demokrazia eta bakea soberania-independentziaz lerroturik agertzen dira gero eta gehiago. Bien bitartean Espainia-Frantzia-krisia-itxikeria-errepresioa lerroturik agertzen dira jende askoren aurrean.

2. Independentistak Sarearen ibilbidearen azterketa: urrats bat urrats asko behar zirenean

2010ko azaroan onartu genuen gure lehen Plan Estrategikoa. 2012. urtean egin behar genuen horren berrikuspena, hurrengoa adostuz, baina lan saturazioak galarazi zigun.

Honek jada ematen digu gure egoeraren berri: zailtasun handiak ditugu erronkei aurre egiteko eta aipatutako aukerak behar bezala baliatzeko.

Argiki esan behar dugu desoreka nabarmena antzematen dugula aurrean dugun lana eta ditugun baliabideen artean. Gaur egun gure sarea ez da inondik inora egoerak eskatzen duen tresna eraginkor eta emankorra.

Balorazio onuragarria egiten dugu sortu ginen unetik hona egindako lanaz, estimatu beharreko ahalegina izan baita, emaitza interesgarriak ekarri dituelako, eta arrakastaz gainditu baitugu erakunde independentista anitzaren sorrera. Baina, halaber, oso kritikoak gara geure buruaz, nabarmena baita ez dugula lortu gaur egun behar dugun erreferente eta jarduera independentista eratzea.

Orain arte ekarpen handia egin du Independentistak Sareak bi esparrutan:

a) independentziaren aldeko mezuaren posizionamenduan eta trinkotzean: erakunde monotematikoa garen heinean, izugarrizko ahaleginak egin ditugu independentzia ikur nagusi duen mezua zabalduz, zentraltasun osoa egitasmo independentistari emanaz: gure ustetan, hori ekarpen handia izan da.

b) erreferente berriak eskaini ditugu, independentismoa bera gorpuztuz, mugimendu gisa: kolore berdea, izarra, independentismo zabal eta anitzaren ezaugarritzea, normalizazioa, homologazioa…

Berriz, nabarmenak dira gure akatsak/mugak/ezintasunak honako esparru hauetan:

—Antolakuntzan ez dugu lortu aurreikusitako helburuak betetzea eta hainbat gabezia dugu. 6. atalean zehazten ditugu gai honi buruzko balantzea eta aurrera begirako erronkak.

—Sareak eman duen irudia sarri ez da izan jende askok espero zuena. Aurpegi gozoa ematen saiatu gara, konfrontazioa saihestuz. Politikan eragin nahi duen erakunde batentzat hori hanka sartze larria dela deritzogu.

—Sarritan, Sareak antolatu dituen ekintzak folkloreari lotutakoak izan dira, mendi martxak, erromeriak, zanpantzarrak... Horrek guztiak jendartearen aurrean folklorearen eta kulturaren defentsarako erakundearen irudia zabaldu du. Zabaldu nahi duen mugimendu politikoa ezin da gauza horietara soilik mugatu, ezin dira beraren irudia izan. Ekintza horiei zentraltasuna emateak erresistentzia egoeretara garamatza; balio izan zuten garai batean euskal askapen mugimendurako, baina gaur egun beste fase batean gaudela deritzogu eta eman behar dugun irudia bestelakoa dela iruditzen zaigu.

Argi-ilunak ditu , horrenbestez, gure berrikuspenak eta, nabarmen, norabide eta erritmoen zuzenketa-egokipen handia eskatzen du.

11

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

3. Independentziarako bide orriaren gako nagusiak

Independentistak Sarean ez dugu bide orri definitiboetan sinesten. Estrategia politiko batek ezin ditu etorkizunak ekar ditzakeen egoera guziak aurreikusi. Bide orri hertsi bat egiteak, hortaz, lagundu baino gehiago independentismoari kalte egiten diola uste dugu; sor daitezkeen egoera berrien erantzuna momentuan eman beharrean aldez aurretik eman nahi dielako eta horrek eraginkortasunik gabeko bideak hartzera eraman gaitzakeelako. Horrek ez du bide orririk egin behar ez denik esan nahi, ez, baina bide orriak momentuko egoerei erantzun eraginkorrak ematea ahalbidetu behar du eta hori aldez aurretik egiterik ez dago. Bide orri on batek, hortaz, irizpide orokorrak azaleratuz, bide orokor bat seinalatu behar du, momentuan sortzen diren erronka eta aukerei bidea itxi beharrean bidea zabaltzen lagunduko diona.

Sareak egiten dituen Plan Estrategikoak bi-hiru urtera begira egiten dira. Bide orriak, aldiz, perspektiba luzeago bati begiratu behar dio; euskal estatua lortzeko gaitasuna izango duen independentismo eraginkor bat artikulatu eta martxan jartzeari begiratu behar dio alegia.

Independentistak Sarea ez da independentismo osoa, hortaz, egiten duen Plan Estrategikoa sareari begirakoa da. Baina Sarea independentismoaren barnean kokatzen denez, eta bertan eragiteko bokazioa duenez, gure ustez bide orri egoki batek jarraitu beharko lituzkeen irizpideak mahaigaineratzea ere badagokigu.

3. 1. Euskal paradigma berriaren beharra: bide orri propioa

Independentzia lortzeko bidean dabiltzan munduko beste txokoetako borroketatik irakasgai asko atera ditzakegu. Baina hortik bide orriak kopiatzeko zabaltzen ari den joerara egiten den jauzia arriskutsua dela iruditzen zaigu. Gu ez gatoz bat ideia horrekin, are eta gehiago, iruditzen zaigu independentismoaren ahulezia nabarmenetako bat bilaka daitekeela bide orri arrakastatsuak kopiatzeko joera. Gure errealitatearekiko loturarik gabeko bide orriek ezin dute fruiturik eman.

Euskal bide orria gaur egungo egoeraren diagnostiko ausart, eraldatzaile eta sendoa abiapuntutzat hartuta idatzi behar da. Eta gure herrian dagoen egoera espezifikoa kontutan hartu beharko du:

—Lurralde zatiketa eta desbertebrazioa.

—Nazio sentimenen aniztasuna, etorkinen kopuru garrantzitsua barne.

—Mendeetako kolonizazio eta menperatze saioen zama.

—Indar politikoen arteko lehiak.

—Abertzaletasunak sortu dituen bizioak kudeatzea.

Bide orri arrakastatsuak dituzten beste prozesu independentisten arrakastaren gakoa ez dago beste bide orri batzuk kopiatzean, ez, beren bide orri propioa sortzeko izan duten abilezian baizik. Bide orri horiek lekuan lekuko egoera konkretuak kontuan hartuz eraiki dira, horrela eta soilik horrela izan baitaitezke eraldatzaile.

Horrekin guztiarekin ez dugu munduan bizitzen ari garen olatu independentistatik at gelditu behar dugunik esan nahi, ezta gutxiago ere. Olatu hori hartzeko intentzio osoa dugu, horretxegatik azpimarratzen dugu bide orri propioaren beharra. Olatu horren gainean aritzeko guk geuk egindako eta gure berezitasunetara egokitutako surf olatua behar dugu, horrela egin ezean erori eta hondoratu egingo baikara.

3. 2. Subjektuaren afera

Subjektu politikoak eraikitzen diren diskurtso eta ekite politikoaren arabera handitu edo txikitu egin daitezke. Independentismoak, subjektu politikoa den heinean, bertute edo akats hori du.

12

Independentistak Sarea

Euskal Estatua lortuko duen independentismoa osatzeko ezinbesteko baldintza Euskal Herriko jendartearen gehiengoa independentziaren alde egotea da. Hortaz, independentzia nahia zabaldu egin behar dugu eta horretarako diskurtso egokiak erabili behar ditugu, horrela egin ezean independentismoa zabaldu ordez txikitu egingo baita. Subjektuaren afera, beraz, ez da garrantzirik gabeko kontua. Abertzaletasuna independentismo eraginkor bat osatzeko estrategia izan da, balio izan du eta aurrerantzean ere balioko du, baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa gehiengo zabal bat egituratzera ez delako iristen. Abertzaletasunak euskal jendarteko sektore batzuk independentista sentitzen jarraitzeko balio lezake, baina ez du ahalbidetzen beste sektore batzuk independentismora gerturatzea. Guztiz beharrezkoa du independentismoak abertzale sentitzen ez diren sektore horiek independentismora erakartzea, horretarako abertzaletasunaz gain beste diskurtso batzuk eraiki eta erabili beharko ditugu.

Guk paradigma horri abertzaletasunetik independentismorako jauzia deitu diogu. Salto hori egiteko inoizko baldintza onenak daude. Neurri batean independentziak hobeto bizitzea esan nahi duelako. Eta nork ez du hobeto bizi nahi? Hobeto bizitze hori norberak identifika dezala nahi duenarekin (Euskal Herri euskalduna, jendarte justua, pentsioak kobratzea, ustelkeria eza, kalitatezko hezkuntza, lanpostu duinak...).

Subjektu independentista zabaltzen lagunduko duen diskurtso batek independentzia partikularrak babesteko baino gehiago unibertsalak bermatzeko dela azpimarratu beharko du, horrela lortuko baitugu beste nazio sentimendu bat duten pertsonak independentismora gerturatzea.

Pertzepzio hau indartuko duen diskurtsoa erabiltzea dagokigu, hortaz, inori aterik ixten ez dion eta demokrazia, justizia, ongizatearen eta abarren berme izango den euskal Estatua irudikatzen lagundu behar diogu jendarteari. Horrela bakarrik lortuko dugu Euskal Herriko jendartearen gehiengoak independentziaren aldeko hautua egitea. Abertzaletasuna gaindituko duen independentismorantz jo behar dugu, beraz.

3. 3. Euskal Estatua eraikitzen ari gara

Gure artean oso hedatua dagoen ikuspegi batek independentziarako urratsak etapa batzuen arabera ulertzen ditu: a/ independentziaren aldeko gehiengoa osatu; b/ independentzia formala lortu… Ikuskera horren arriskua euskal estatua independentzia lortu artean ezin eraiki daitekeela sinestea da. Horrek independentismoa frustrazio handietara eraman dezake eta, ondorioz, indarra galtzera.

Euskal Herrian adibide asko ditugu Estatugintza ederki ilustratzen dutenak: Ikastolen mugimendua, euskalgintza, kolektiboen indarra, borondatezko lana egiteko dagoen itzelezko gaitasuna... Ekite horiek guziak ezin uler daitezke euskal estatua ekuaziotik atereaz. Urteak daramatzagu euskal estatua eraikiz, momentua iristen denean zerotik has ez gaitezen. Ekite horiek guziak, beraz, Estatu eraikuntza dira eta horrela ulertzeak independentismoaren indarra askatzea ekar lezake; estatugintzan kokatzen diren ekite partikular ezberdinek subjektu independentista zabaltzen laguntzen baitute. Gaur eta hemen euskal estatua sortzen eta eraikitzen ari garelako kontzientzia hartzeak indarrak biderkatu, sinergiak sortu eta jendea independentismora gerturazten lagundu dezake. Hori sinesten hasten garen neurrian emango ditugu urrats erabakigarriak independentzia formalaren bidean.

Arrakasta izan duten munduko beste independentzia prozesuek erakutsi diguten bezala, estatugintzaren abiapuntua ez da independentzia, Estatua lortu aurretik hasten da, eta horrela ulertu eta egin ezean zaila izango da independentzia formala eskuratzea. Ez dugu inoren baimen edo onarpenaren zain gelditu behar Estatua eraikitzen hasteko. Jada oinarri batzuk baditugu, subjektibitate mailan, harreman ekonomikoak, politikoak, instituzionalak… horiek guziak biharko estatuaren oinarriak dira. Lurralde zatiketa gainditzeko egiten diren urrats guziak, adibidez, biharko Estatuaren harriak dira.

Protestaren paradigmatik urrats praktikoetara pasa beharra dago. Protestak beharrezkoak dira, jakina, baina gure bokazioa ez da euskal estaturik ez dugulako protestatzea, euskal estatua eraikitzea baizik.

Egunerokotasunean uztartu behar dugu independentziaren aldeko jarduera, gaurdanik hasi behar dugu independentzia bizitzen.

3. 4. Aurrera begiratzen duen independentismo modernoa

Munduko askapen mugimendu guziek bezala, euskal independentismoak ere baditu bere aurrekariak. Aurrekari horiek gabe ezin azaldu daiteke gaur egun dagoen independentziarako nahia. Euskal Herriaren kasuan gainera oso

13

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

erreferentzia indartsuak ditugu. Azken mende eta urte hauetako saiakera eta borrokei esker dago independentzia nahi zabala Euskal Herrian. Hori guztia euskal independentismoaren ondarea da. Dena dela, gure aurrekoek egin zuten bezala, XXI. mendeko independentismoak bere burua berrasmatu eta eraldatu behar du eraginkorra izan nahi badu. Berrasmatze horretan, independentismoak aurrera begirakoa behar du izan, etorkizuna islatu behar du. Ibai bilakatzera doan erreka fresko eta indartsuaren irudia eman behar du ur geldoaren irudia eman beharrean. Jendartearen gehiengoak independentzia etorkizunerako aukerarik egoki, moderno eta zentzuzkoena dela hauteman behar du. Beste bi aukera posibleekin konparatuz, Espainian edo Frantzian segitzea alegia, gaztetasuna eta indarra islatu behar ditu. Espainiak eta Frantziak lehenaldia islatu behar dute eta independentismoak etorkizuna. Balore positibo guziak bereganatzen dituena eta ilusioa pizteko gaitasun izugarria duena da bilatzen dugun independentismoa.

4. 2014-2016 plan estrategikoa: independentziaren aldeko mezuetatik independentziaren oinarri materialen eraikuntza sendora

Atal honetan, lehenengo hiruretan esandakoak oinarri hartuta, independentista sareak datozen 2/3 urteetan aurrera atera behar dituen ekimen zehatzak eta lan ildoak zehaztea dagokigu.

Prozesu independentistaren zereginik garrantzitsuenak izendatzeko orduan, bi aipatuko genituzke: indepen-dentziaren aldeko gehiengo zabala osatzea eta gehiengo zabal hori egoki planteaturiko prozesuaren baitan aktibatzea. Independentzia bidean eman beharreko urrats horiek ez daude ordenan jarriak, hau da, ez da lehenik independentismo zabala eta jarraian aktibazioa; izan ere, prozesu independentista aktibatu eta sakontzen dugun neurrian sortuko baitira independentista berriak, eta, alderantziz, subjektu gero eta zabalagoak indarra emango baitio prozesuari. Horrela, datozen 2/3 urteetan, Sareak izango duen zeregina bi ardatz horiek bultzatzea izango da; parametro horietatik ulertu behar dira sarearen plan estrategikoan marraztuko ditugun joera eta ekimenak.

Jada esana dagoenez, jarduera politikoa aurretik zehaztutako gidoietatik haratagoa doa. Plan estrategiko on batek eskatzen du, finean, egoera berriak sortzea eta egoera berriei erantzun egokiak ematea. Ez dugu, horrenbestez, plan hau literalki bete beharreko agindutzat hartzen, gida bezala baizik.

Ideia nagusia gure aurrean ditugun baldintzak baliatuz hobeak lortzea litzateke. Ez dakigu zer gertatuko den Eskozian, ezta Katalunian ere. Ez dakigu zein izanen den krisialdi ekonomikoaren bilakaera. Ezin dugu aurreikusi ere zertan geldituko diren gaur egun frantziar eta espainiar estatuen agintariengan atzematen ditugun joera kezkagarriak.

Aldagai horiek aintzat hartu beharko ditugu, baina, batez ere, jarrera proaktiboa hartu behar dugu. Gu ez gara fenomeno horien lekuko soilak: protagonista izan behar dugu. Horretarako, oso garrantzitsua da Euskal Herriak eta, bereziki, mugimendu independentistak jokaera protagonikoa bereganatzea.

Hala ere, ez gaude independentzia formalaren unean, hau da, estatu homologatu eta oso bat abian jartzeko unean, baina bai independentzia agenda politikoaren esparru zentralean jartzeko garaian. Beraz, zentzurik gabekoa litzateke independentziaren aldeko aldarrikapenaren garrantzia baztertzea egungo beharren izenean. Hala eginez gero, noiz izanen litzateke independentziaren garaia? Lortu ondotik?

Bi mutur horietatik ihes egin behar dugu, honenbestez. Ezin dugu independentzia hartu gaur egun gauzatu daitekeen zerbait gisa, gure herriko errealitatea alde batera utziz, eta ezin dugu independentziaren lehia atzeratu, orain ez dela tokatzen argudiatuz. Independentziarako ataria eraiki egiten da, baldintzak sortu egiten dira eta hori nekez egin daiteke lortzeko aukera baztertuz gero.

4. 1. Borroka ideologikoaren inguruko sorkuntza eta koordinazioa

Orain arte sobera mugatuta dago gure eraginkortasuna, besteak beste bitartekorik eta iraunkortasunik gabe gabiltzalako. Hemendik aurrera hobeki antolatu behar ditugu gure baliabideak, plangintzen arabera, polarizazioa areagotzeko eta independentziaren aldeko arrazoiak bazter guzietara hedatzeko.

14

Independentistak Sarea

Gure aldetik, bereziki, independentziaren aldeko arrazoiak jendarteratzen jarraituko dugu, independentista direnekin argudioak lantzen eta oraingoz ez direnak konbentzitzen.

Ideien Faktoria da Independentistak Sareak borroka ideologikoa garatzeko duen baliabide nagusia. Ideien faktoriak bi hankatan oinarritu behar du: ideien produkzioa eta independentziaren aldeko gogoeta egiten duen komunitatearen koordinazio lana egitea.

—Produkzio lana: Ideien faktoriaren zeregina izango da independentziaren aldeko analisi, artikulu, eztabaida, mahai-inguruak plazaratzea. Horretarako, webguneaz eta berorrek ematen dituen baliabideez gain, aldian aldiko argitalpenak eta hitzaldiak ere egingo ditu.

—Komunitatearen koordinazioa: Ideien faktoriaren beste helburu bat elkarlanik ez dagoen lekuetan elkarlana sortzea izango da. Horretarako ekimen bateratuak, bilerak, mintegiak... antolatuz. Koordinazio horrek indarra biderkatzea ahalbidetu dezakeela pentsatzen dugu. Independentziaren aldeko gogoetak plazaratzen dituen komunitate indartsu bat sortzea dugu helburu, iritzi talde indartsu bat alegia, jendartean independentziaren aukerari indarra emango diona.

Ideien Faktoriak Independentistak Saretik azpimarratu dugun independentismoaren baitako paradigma aldaketan agente aktiboa izan behar du. Independentismo eraginkor bat eraikitzeko lanean gogoeta ausartak egitea izango du xede; polemikoa izan behar duenean hala izanez, tentsioa sortu behar denean tentsioa sortuz, baina beti ere independentismo plural eta aktiboa indartzeko perspektiba buruan duela.

4. 2. Mugimendu independentistaren indartze ideologikoa, politikoa eta antolakuntza mailakoa

Horretarako garrantzitsua da independentismoaren barneko eztabaidak ongi kudeatzea, joera erasokorrak edo baztertzaileak gaindituz, batzen gaituena lehenetsiz eta getifikazio arriskuak alde batera utziz.

Mugimendu independentistak jakin behar du nazioartean ematen diren urratsak baliatzen eta behin betiko gainditu behar ditugu konplexuak, besteak beste kanpoko ereduen araberako azterketak egiteko joera kaltegarria.

Euskal Estrategia emankorra idatzi behar dugu egunoroko lanaren bidez eta lan horretan independentista guziok izan behar dugu gure lekua. Independentisten arteko konplizitateak bultzatuko ditugu, beraz, eztabaidak era emankorrean garatzeko tresnak eskainiz eta batera aritzeko erronkari eutsiz. Auzolan independentistaren kultura garatuko dugu.

Eztabaida eta parte hartzeko tresnak bultzatuko ditugu Interneten, foroetan, mahai-inguruetan, hitzaldietan... Independentismoak eztabaida garrantzitsuak ditu bere aurrean, nortasun sentimenen kudeaketa, estatu eredua, lurraldetasunaren gakoari eman beharreko erantzuna... eta soilik heldutasunez lortuko du kudeaketa arrakastatsua.

Independentistak Sareari dagokionez, Sarea ez da independentismoa. Zorionez askoz ere zabalagoa da mugimendu independentista, jende multzo independentista, gure sarea baino. Baina gure sarea indartzea mugimendu independentista indartzea da. Horregatik, urrats garrantzitsuak eman behar ditugu hurrengo urteetan Sarearen antolakuntzan:

a) Sarearen ikusgarritasuna biderkatuz, jendearen aurreko agerpenak ongi landuz.

b) Sarearen jarduerak zabalduz.

c) Internet mailako lan emankorra egokituz.

d) Sarea zabalduz.

e) Autofinantziazioa bermatuz.

f) Nazioarteko hainbat eragileekiko konplizitateak landuz, bereziki Kataluniarekin.g/ Sarearen nodo koordinatzaileak indartuz, hau da, Sarearen dinamizazioan dabilen jende kopurua handituz.h/ Sarea Ipar Euskal Herrian zabalduz.

i) Diaspora mailako lana biderkatuz.

15

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

4. 3. Elkarlana beharrezkoa den eragileekin tentsioak baztertzea

Baldintzak gure aurrean ditugu. Baldintza berriak sortu egin behar ditugu. Horretarako mobilizazioak oso garrantzitsuak dira. Gure herrian, gaur egun, mobilizazioen arteko nolabaiteko lehia antzematen da. Badirudi datak-lekuak-esparruak bilatu nahian gabiltzala batzuk eta besteok, gure lekua ezin aurkituz.

Guk ez dugu gure herriaren askatasunaren alde dabilen inorekin lehiatu nahi. Ulertzen dugu, eta gureganatzen dugu, gure jendarteak erronka zuzen eta zorrotzak dituela independentziaz gain, besteak beste egunoroko bizitzari lotutakoak, edota egoera larrien aurrekoak. Gu ez gaude eskaera edota mobilizazioen mailakatze sinplisten alde. Aldiz, uste dugu herri mugimendu eta eragile ezberdinok elkarren arteko errespetuan oinarritutako oreka eraikitzailea bilatu behar dugula.

Independentziaren aldeko mobilizazio eta ekimenek lekua aurkitu behar dute inor zapaldu edo baztertu gabe, baina inork zapaldu edo baztertu gabe ere. Batzuetan pizten diren polemikak, onuragarriak izan badaitezke ere, etxekalte bilakatzen dira gehienetan.

Ongi kudeatu behar dugu afera hau, leku eta une aproposak bilatuz, indarrak biltzeko, independentziaren aldeko pedagogia egiteko.

4. 4. Independentziaren aldeko mobilizazio maila igotzea

Independentistak Sareak bi mobilizazio nagusi aurreikusten ditu urtean, Aberri Eguna eta Martxa Berdea.

Independentismoaren indartzea, berriz, maila lokal eta sektorialean egin daitezkeen mobilizazioen bidez indartuko delakoan gaude.

Gauzak horrela, helburu zehatza ezartzen diogu geure buruari; hurrengo hiru urteetan Euskal Herriko herri, hiri, bailara eta auzo guzietara iristea independentziaren aldeko ekimen bana garatzeko. Halaber, saiatuko gara ahalik eta esparru gehienetara iristen: unibertsitateak, eskolak, lantokiak, gaztetxeak...

Hitzaldia, mahai ingurua, argazki kolektiboa, aurkezpena, tailerra, kalejira, bilkura, poteoa, bazkaria, afaria, kantaldia, kongresua, bertso saioa, erakusketa... formulak askotarikoak dira, baina xedea argi jarrita dago.

4. 5. Independentzia materialerako oinarriak lantzea

a) Instituzioekiko eta bereziki Udalbiltzarekiko elkarlana.

b) Lurralde bertebrazioaren aldeko lana.

c) Espainiar eta frantziar estatuekiko deskonexioa bultzatzea.

d) Munduaren aurrean ikusgarritasuna.

Bestelako filosofiaz lan egin behar dugu, zeinean estatugintza praktikoak lehen mailako protagonismoa hartuko duen: gaur egun jende askok ez du ongi ulertzen zein den gure lana, iritzien esparruan mugatuta ikusten gaitu soilik.

Independentistak Sareak, beraz, bere burua berrasmatu behar du, sortu zen unetik aldarrikatutako borondateari behar bezala helduz.

Une berri horrek bestelako Sarea eskatzen du, iritzi talde edo fundazio bat baino askoz ere gehiago. Gure lana ez da soilik ideien mailara mugatzen. Egunoroko jardueretan eraikitzen dira independentziarako oinarri materialak, Independentistak Sareak lan hau kokatu, ikustarazi eta baliatu behar du, lan horietan dabiltzan independentisten topagune eta langunea bilakatuz.

16

Independentistak Sarea

4. 6. Euskal Herriaren autoantolaketa prozesuan era eraginkorrean parte hartzea

Independentismotik haratago, badaude beren eguneroko jardueran Euskal Herriaren de factozko onarpena egiten duten eragile sozialak. Gure ustetan, independentismoak akats historikoa egingo luke sektore horiek mespretxatu edo ez ikusiarena egingo balu.

Sektore horiek dira oraingoz independentismoaren kanpoko azalak, lan egokia eta elkar lana sustatuz gero barneratu daitezkeenak. Independentismo eraginkor batek, hortaz, elkarlanak sustatu beharko ditu ez bakarrik beren burua argi eta garbi independentistatzat hartzen dutenekin, baita independentista sentitzen ez direnekin ere. Zubi horien eraikuntzan laguntzea Sarearen lehentasunetako bat izan behar da.

Horrenbestez, gure Argi berdea independentziari proposamen politikoan adierazi genuen moduan, funtsezkoa da independentista ez diren baina euskal esparru burujabearen alde daudenekin elkarlana bultzatzea. Ez independentziaren aldeko lana bazterrean uzteko, Euskal Herriaren antolakuntzari indarra emateko baizik. Eta hori guztia, lehenago aipatu dugun bezala, estatugintzan urratsak ematea da. Independentziara gerturatzea da, alegia.

4. 7. Erabakitzeko eskubidea eta independentzia

Munduan zehar egin diren independentzia prozesu gehienetan erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak protagonismoa hartu izan du prozesu independentistak aurrera egin ahala. Euskal Herria ez da salbuespena eta, ondorioz, ikusten ari gara GURE ESKU DAGO bezalako ekimenak martxan jartzen ari direla.

Gu, independentistak izaki, erabakitzeko eskubidearen alde gaude, subiranotasuna nahi dugu gure etorkizuna erabakitzeko gaitasunaz lortu nahi dugulako. Beraz, erabakitzeko eskubidearen inguruan sortzen diren ekimen ezberdinetan parte hartuko dugu eta haiekin elkarlana bultzatuko dugu. Baina betiere argi edukiz erabakitzeko eskubidea ez dela independentismoari bakarrik lotu beharreko aldarrikapena; Euskal Herriko jendarte osoari baizik. Hau horrela ulertu ezean kaltegarria litzateke erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduarentzat, baita independentismoarentzat ere. Erabakitzeko eskubidea ezin da bilakatu independentismoaren aldarrikapen soila. Beraren logika sektore inmobilistei kontraesanak sortaraztea da, ez independentismoaren aldarrikapen zentrala bilakatzea.

Beraz, elkarlanean aritu behar diren bi esparru ezberdinez ari gara. Independentistok, noski, erabakitzeko eskubidearen alde gaude, baina eraginkorrak izateko independentista ez direnak ere erabakitzeko eskubidearen aldeko egin behar dira, eta hori independentismoa eta erabakitzeko eskubidea berdinduz ezin lor liteke.

Ongi egin behar dugu, ordea, independentiston ekarpena ez baita independentziaren aldeko aldarrikapena alde batera uztea, elkarlanean nork bereari eusteko baldintzak sortzea baizik.

Oso garrantzitsua da gure lekua aurkitzea une honetan, zeinean erabakitzeko eskubidearen inguruan izugarrizko aktibazio-mobilizazio maila bultzatuko baita. Mobilizazio horiek baldintza berriak sortzen lagunduko dute eta honela ikusi eta hartu behar ditugu.

Gauzak horrela, bat eginen dugu ekimen horiekin geure ekarpena eginaz, independentziaren aldeko lana bultzatzen dugun une berean.

Beraz, kontuan eduki behar dugu, jendarteak Independentistak Sarea erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu batekin identifikatu ez dezan.

4. 8. Independentismo berriari bultzada emango dion diskurtsoa eraikitzen lagundu eta erabili

Txosten honetan aipatu dugun moduan, independentismoa paradigma aldaketa batean dago. Orain arteko estrategia independentistek garai bati erantzun diote. Baina gaur egungo egoerak estrategia berria eskatzen du. Paradigma aldaketa horren oinarrian eraginkortasuna dago. Estatua lortzeko gaitasuna izango duen independentismoa egituratzea dagokigu orain; Euskal Herrian bizi den jendearen gehiengoa euskal Estatuaren aldeko bihurtu behar dugu. Eta gainera inoiz ezagutu ez bezalako independentziaren aldeko polarizazioa sortu

17

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

behar dugu. Guzti hori lortzeko, diskurtso eta praktika berrien beharra du independentismoak. Independentistak Saretik diskurtso eta praktika horien bereizgarri batzuk seinalatu eta gure ekarpena zein izan daitekeen zehazten saiatuko gara:

a) Garrantzitsua iruditzen zaigu independentismoak oro har eta Sareak bereziki jendarteratzen dituen mezuak abertzaletasunera soilik mugatutakoak ez izatea. Mezuek Euskal Herriko jendarte guzia kontuan hartu behar dute eta Euskal Herriko jendarte guziari zuzendutakoak behar dute izan.

b) Horrekin lotuta, independentismoak gai izan behar du, sentimendu nazional ezberdinen arteko kudeaketa egokia eginez, beroriek bereganatzeko. Horrek diskurtsoan egokitzapena behar du.

c) Independentistak Sareak Euskal Herriko jendarte ahalik eta zabalenarentzat zentraltasun irudia eman behar du. Horretarako, euskal folklorea eta kultura sinbolo bakartzat ez hartzea komenigarria izango litzateke. Zentraltasun hori eskuratzeko bidean, Euskal Herrian ditugun beste sentimendu identitarioetara gerturatu behar da. Elkarrekin gauzak antolatuz eta diskurtsoan kontuan hartuz. Independentismoak sentimendu partikular guzien gainetik egon behar du. Identitate ezberdinek duten errealizatzeko posibilitatea izan behar du.

d) Aurrera begiratzen duen independentismo modernoaren irudia eman nahi badugu, zaindu beharko genuke jendartera transmititzen dugun irudia. Sarearen inguruko berriak, sarriegi, folkloreari loturik agertzen baitira. Horrek independentismo folkloriko batera mugatzen garelako irudia ematen du. Datozen bi, hiru urteetan hori aldatzen hasi beharko dugu, ekimen horiek gutxituz eta beste batzuk bultzatuz. Sareak independentismo indartsu, moderno eta pluralaren irudia transmititu behar du, eta unean uneko gertaerei erantzuteko gaitasuna duen mugimenduaren irudia. Ezin estankatu gaitezke eremu txikietan. Sakonean dagoen diskurtsoa osatu behar dugu. Nola egin hori? Jendartearen aurrean egiten dituen ekimenetan mezu zuzen eta neurri batean probokatzaileak botaz, konfrontazioa saihestu gabe.

e) Sareak independentismoak euskal jendartearen aurrean plazaratu behar duen diskurtso, zabal, justu, aurrerakoi, hitz batean zentrala sendotzen lagundu behar du.

f) Hegemonia independentistaren bidean diskurtso aldaketa hori ezinbestekoa dela deritzogu. Jendarteak pertzibitzen duenean independentziaren aukera aukeretan zentzuzkoena dela, orduan lortuko baitu hegemonia eta, ondorioz, jendartearen gehiengoa izango baita independentista. Hau indartuko duten diskurtsoak erabiltzea dagokigu, hortaz.

5. Diaspora, sarea munduan

Diasporan egin dugun lanak bere fruituak eman ditu eta iraunkorki lanean ari diren taldeak ditugu Hego Amerikan, Argentinan eta Uruguain batez ere. Gure mezuak harrera oso ona du Euskal Herritik kanpo dauden euskal komunitateetan eta egindako bidetik jarraitu behar dugu gero eta sendoago.

Munduan zehar hiri askotan daude euskal komunitateak eta gure erronka izan behar du toki horietan, komunitatearen dimentsioaren arabera, gune independentistak sortzea, Europako hiri handietan bereziki.

Egungo komunikazio teknologiek distantzia geografikoak gainditzeko aukera eskaintzen dute eta munduko edozein tokitatik sarean parte hartzea ahalbideratzen dute, beraz, diasporako guneek normaltasun osoz sarean parte hartzeko apostua egin behar dugu.

5. 1. Ameriketako diaspora

Euskal diasporaren parte handiena Amerikan kokatuta dagoela kontutan hartuta, bere historia eta ezaugarrien azterketa eta hausnarketan sakondu behar dugu, diskurtso eta lan plangintza egoki bat zehazteko:

—Euskal emigranteek XIX eta XX. mendeetan zehar arrazoi desberdinengatik utzi zuten Euskal Herria: arrazoi ekonomikoengatik, etorkizun baten bila; foruen galtzearen ondoriozko inposatutako zebitzu militarra ekiditzeko;

18

Independentistak Sarea

jazarpen politikoagatik atzerriratuak, batez ere 36ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren aurrean;... Oroimen historiko hau funtsezkoa da gure diskurtsoa definitzeko orduan.

—Ameriketan mugimendu independentisten aldeko ikuspegi baikorra dago eta, orokorrean, Espainiarekiko, metropoli gisa, ikuspegi ezkorra eta aurkako jarrera dago. Ezin dugu ahaztu amerikar herri asko espainiar koloniak izan zirela eta gogor borrotu behar izan zutela bere independentziaren alde.

—Euskal Herritik arreta handiz jarraitzen dira Europako beste nazio batzuen independentzia prozesuak, baina ulertzekoa da Amerikako diasporarentzat prozesu horiek, interesgarriak izan arren, ez daukatela amerikar herrien independentzia prozesu propiak besteko esanahirik. Euskal diasporan kontzientzia independentista pizteko behar diren elkartasuna eta loturak sortzeko, funtsezkoa da amerikar independentzia prozesuak Euskal Herriko mugimendu independentistarekin identifikatze.

—Amerikar diasporatik Euskal Herria “zazpiak bat” ikuspegitik begirazen da, horrek, espainiar eta frantziar estatuek inposatutako zatiketa politiko-administratiboaren gainetik, nortasun nazionala eta lurraldetasuna indartzen du.

—Euskal etxe gehienetan jarduera folklorikoei eman zaie lehentasuna, hots, dantzari eta musikari, hala ere, euskara eta bere berreskuratzea gero eta toki garrantzitsuagoa hartzen ari dira. Baina Euskal Herriari buruzko gai politikoetaz hitz egitea saihestu da, gatazka sortzailetzat jotzen diren politika alderdikoiekin nahastuz. Egun, gai politikoekiko gero eta interes handiagoa agertzen ari da, beraz, egokia litzateke informazio-formazio ekimenen jarduera plan bat martxan jartzea, aniztasunean eta sentsibilitate ideologiko desberdinekiko errespetuan oinarritauta, jakina.

—Diasporako belaunaldi berriei begira garrantzi berezia hartzen du unibertsiateetan egin dezakegun lanak. Gainera, euskal etxeetan parte hartzen ez duten gazte askorekin herremanetan jartzeko aukera eskaintzen digu. Beste alde batetik, oso garrantzitsua da gure lana mundu akademikoan garatzea, bertan euskal diaporarekin lotura duen jende asko dago eta.

—Gure lana diasporan nabarmen aktibatzen da jarduera edo helburu zehatza dagoenean, Aberri Egunaren antolakuntza adibidez, baina indargabetu agiten da ondoren. Ekimen eta helburu oso zehatzak dituen lan plangitza finkatu behar dugu, jendearen parte-hartzea eta gure jardueraren kohezioa ahalbidetuko duen urte osoko lan dinamika iraunkorra lortzeko.

6. Antolaketa: sareen sarearen filosofia berreskuratu eta urrats berriak egiteko garaia

6. 1. Sareen sarea

Lehen momentutik sare izaera eman genion gure mugimendu independentistari, izenak berak argi adierazten duen moduan: Independentistak Sarea.

Ohizko antolaketa ereduak alde batera utzi eta pertsonen arteko harremanen eta elkarlanaren bitartez independentziaren aldeko auzolan erraldoia martxan jartzearen aldeko apostua egin genuen. Gure mugimenduaren oinarria saretutako jendearengan eta euren arteko harreman eta elkarlan jarduerarako sareetean datza. Zeren, maila lokalean nahiz arloka osatutako sareguneen elkarloturaren eta elkarlanaren emaitza da gure sare independentista: sareen sarea.

Saiatu izan gara jendearen parte hartzean eta aniztasunean oinarritutako hierarkiarik gabeko antolakuntza garatzen. Guneak edo azpisareak sortzen joan dira era asimetrikoan hainbat herri eta eskualdetan, eta gune horiek guztiak oso biziak izatea, autonomia handiz lan egitea eta aktibismo emankorra garatzea izan da gure helburua. Aldi berean, norabide aniztasuna bultzatzen ahalegindu gara, gune guztien artean informazio isuria eta harremanak izan daitezen.

6. 2. Balantzea

Balantze gisa, hasierako irizpideak eta finkatutako antolaketa ereduaren filosofía errespetatu dugula esan dezakegu, baina ez dugu lortu gure helburuak bere osotasunean betetzea:

19

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

—Sare lokalak sortu dira hainbat herri eta eskualdetan baina ez dira gauzatu arlo, lan jarduera eta esparru sozial, ekonomiko, kultural… desberdinetan.

—Hasieratik planteatu genuen sarearen gauzatzea eta hedapena asimetrikoa izango zela, hala ere, espero baino desoreka handiagoa dago herrialde eta eskualde desberdinen artean.

—Martxan dauden sareguneek lan handia egin dute, bakoitzak bere neurrian, borroka ideologiko mailan nahiz aktibismo eta mobilizazio mailan: hitzaldiak, eztabaidak, hausnarketa tailerrak, aurkezpenak, independentzia egunak, kalejira berdeak, mendi martxak, erromeriak, bazkari/afari independentistak, … Baina, gehienetan, barnera begira, sareko beste guneekin partekatu eta elkarlanik burutu gabe.

—Ez dugu lortu sareen sarearen filosofia behar bestean sustraitzea eta saregune bakoitza sare osoaren parte eta protagonista sentiaraztea.

—Honen guztiaren ondorio nabarmenak dira ekimen nazionalak antolatzen ditugunean izaten ditugun gabeziak: Aberri Eguna eta Martxa Berdearen antolaketa lanetan, kartelak banatu eta jartzeko orduan, eta abar.

—Gorago aipatu dugun hedapen desorekari aurre egiteko orduan ere nabaritzen dira ildo beretik datozen gabeziak. Sareguneek ez dute barneratu bere eskualde edo herrialdean gune berriak bultzatzeko ardura, pertsona edo lagun talde berriak gure auzolan independentistara gehitzeko aukerak aztertu eta lantzea, sarekide berriak egitea...

6. 3. Erronka berriak

Txosten honen eztabaidarekin batera antolaketari buruzko hausnarketa egin behar dugu, sareen sarearen filosofia berreskuratu, martxan dauden gunean biziberritu eta gune berriak sortzeko dinamika piztu behar dugu. Gure antolakuntzari astinaldi eder bat emateko ordua da, gure sarea hedatu eta berrindartze aldera urrats sendoak egiteko.

Bere jarduera sozio-politikoan Independentistak Sareko lana lehenesten duten pertsonak behar ditugu sareko saregune edo azpisare guztietan dinamizatzaile papera betetzeko. Premiazkoa da ardura hori betetzeko prest dauden lagunak zehaztea beraiek osatu behar dutelako sarearen bizkar hezurra. Euren eskuetan egongo da, gehienbat, gune desberdinen jarduera sare osoaren dimentsioan kokatzeko erronka.

Dinamizatzaile talde sendo eta iraunkorrak sarearen motorea izan behar du eta, Talde Bultzatzailean integratuz, eguneroko erabakietan parte hartu behar du.

7. Autofinantzaketa, sarearen oinarrizko irizpideak eta filosofia mantentzeko bermea

Gure sareak sentsibilitate guztietako independentisten topaleku eta elkarlanerako etxea izateko, independentista izateaz gain, independientea izan behar du. Horretarako gako nagusietariko bat autofinantzaketa da. Gure sarea askea, anitza, zabala eta parte hartzailea nahi badugu, eta kanpoko eskuhartze edo baldintzapenik nahi ez badugu, geuk, sarekideok, sostengatu behar dugu sarea. Geu gara sarea, eta autofinantzaketa da sarearen oinarrizko irizpidean eta filosofia mantentzeko bermea.

Gure jardueraren biziraupena behin eta berriro ataka larrian jartzen du finantzaketaren kontuak. Hasiera baten aurreikusten genuen baino murritzagoa izan da gure autofinantzaketarako gaitasuna, eta horrek baldintzatu egiten du sarritan sarearen jarduera.

Aurrera begira jauzi berri bat egin behar dugu gai honetan: sarekide kopurua orokorrean handitu behar dugu, kuota bat ordaintzeko prest dauden sarekideena, bereziki. Badakigu krisialdi ekonomikoak ez duela ezer laguntzen eta ez dela jendeari dirua eskatzeko mometu egokia, horrexegatik, sarekide bakoitzak bere ahalmenaren araberako ekarpena egiteko aukera zabaldu baharko litzateke. Mikroaportazio edo kuota txikien aukerak jende askoz gehiagok

20

Independentistak Sarea

bere ekarpena egitea ahalbideratzen du, eta hori izan daiteke autofinantzaketa indartzeko bide bat. Horrek ez du esan nahi ekarpen handiagoak egiteko prest dauden lagunak bilatzeari utzi behar diogunik. Aukera guztiak aztertu eta plangintza zehatza martxan jarri behar dugu.

21

Lan plangintza 2014 / 20162014

1. Konferentzia – txostena

Konferentziarako txostenaren eztabaida eta lanketa eta konferentzia ondoreneko aurkezpenak eta edapena oso garrantzitsuak dira sarearen barnera begira gure jarduera estrategikoaren ildoak ondo jorratzeko, gure argumentarioa eta diskurtsoa aberasteko eta barne kohesioa sendotzeko.

Otsaila eta martxoa. Konferentziarako txostenaren eztabaida eta lanketa sarean.

Martxoak 15. Sarearen Nazio Konferentzia.

Maiatza eta ekaina. Konferentzian onartutako txostena eta ebazpenen aurkezpena eta lanketa sarean (aurkezpena, herriz herriko eztabaida-tailerrak…).

Kontutan izango dugu Iparraldean martxoaren 23an udal hauteskundeetako lehen itzulia izango dela, eta 30ean bigarrena.

2. Etxarriko galdeketa

Apirilak 13. Etxarri Aranatzen herri galdeketa bat egingo dela “Nahi al duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan?” galderari erantzuteko. Antolatzaileekin harremanetan gaude. Guk, Etxarriko eragile desberdinekin batera burutuko dugu baietzaren aldeko lana.

3. Aberri Eguna

Apirilak 20. Iruñea. Sareak deitzen duen urteroko mobilizazioa nagusia da. Bi edo hiru hilabete aurretik hasita lan dandia eskatzen du antolaketa aldetik nahiz diskurtso eta komunikazio mailan. Otsaila amaitu aurretik prest izan behar dugu 2014ko Aberri Egunaren ezaugarritzea, mezua, komunikazio eta antolaketa plana, eta abar.

4. Hauteskunde europearrak eta Nafarroakoak agian

Maiatzak 25. Hauteskunde europearrak, eta Nafarroakoak agian, izango dira data honetan. Aberri Egunetik aurrera hauteskunde aurrekanpaina eta kanpainak hartuko dute lehen planoa. Kontutan izan behar dugu garai horretan ez dugula izango kalera begira jarduteko aukerarik eta une egokia dela barnera begirako lana egiteko.

5. Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dagoren gizakatea

Martxoak 29. “Eskutik eskura” ekimenen bukaera ekitaldia Bilbon.

Ekainak 8. Gure Esku Dago ekimenak antolatuta erabakitzeko eskubidearen aldeko GIZKATEAk lotuko ditu Iruñea eta Durango egun honetan. Jadanik gaia lantzen ari dira herriz herri eta datozen hilabeteotan erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak zentralitate handia hartuko du eztabaida eta jarduera politikoan. Aberri Egunetik aurrera gizakatearen erronkak hartuko du protagonismoa (hauteskunde europearrekin batera) eta jakin beharko dugu, Independentistak Sareak eta Gure Esku Dago ekimenak, bakoitzak bere diskurtsoa eta ezaugarriak ondo adierazten eta, era berean, gure jardueren osagarritasuna azaltzen.

22

Independentistak Sarea

6. Udako olatu berdea

Ekainaren erditik irailaren erdira. Uda garaian amankomunean antolatutako ekimenak egiterik ez dene izaten, herriz herri antolatzen direnek hartzen dute txanda eta, aurten ere, urteroko udako olatu berdea planteatzen dugu: independentzia egunak, kalejira berdeak, mendi martxak, erromeria independentistak, kantaldiak…

7. Katalunia eta Eskozia

Irailak 18, Eskoziako erreferenduma/azaroak 9, Kataluniako erreferenduma.

Erreferendumak deituta daude, naiz eta Katalunian hauteskunde plebiszitarioak egon daitezkeen kontsultaren ordez. Katalunia eta Eskoziako prozesu independentisten etengabeko erreferentzia izango dira 2014an. Aukera ezin hobea eskaintzen digute gure diskurtsoa eta gure argumentuak eztabaida politikoaren erdian jartzeko eta borroka ideologikoan jauzi berriak egiteko. Arreta handiz jarraituko ditugu bi prozesuak, gure ideien hegemoniaren bidean urratsak egiteko eskaintzen dizkiguten aukeretaz baliatzeko.

ESKOZIA independentziara bidaia XXI.mendeko Europan liburua.

Aurkezpen eta hedapen lanarekin jarraitu behar dugu, salmenta bultzatzeko eta erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko eztabaida sustatzeko.

8. Martxa berdea

Urriak 12 edo abenduak 6. Martxa Berdea da gure urteroko bigarren mobilizazio handia. Hasieran urriaren 12an egitea erabaki genuen, eta hala egin genuen 2010 eta 2011an, baina kontu desberdinak direla medio abenduaren 6an Durangon egitera behartuta egon gara 2012 eta 2013an. Kontua da Durangokoak era arrakasta handia izan duela. Beraz, data kontu hau nola kudeatu aztertu behar dugu. Aurten, urriaren 12a Eskoziako eta Kataluniako kontsulten tartean dago eta, egia esan, manifestaldi independentista baterako giro oso ona izango da data horretan.

Eskoziako erreferendumean baietzak irabaziko balu ospakizun/mobilizazio handi bat egin beharko genuke agian eta, urriaren 12a erreferendumetik 3 astebetetara dagoenez, Martxa Berde berezi batek bete dezake paper hori.

9. Durangoko Azoka

Abenduak 5, 6, 7, 8. Durangoko Azokan beti burutu dugu gure ekimena abenduaren 6an Martxa Berdea izan nahiz ez izan (“ordu berdea”, “egun berdea”, …), beraz ere hori aurreikusten dugu. Horrez gain, azken bi urteotan gure estand propioa izan dugu Azokan. Lehenbaitlehen erabaki behar dugu aurten era Durangorako produkturen bat argitaratuko dugun, eta Azokan estandik izango dugun.

10. Diaspora

Gure baliabide gabeziak baldintzatu egiten arlo honetako jarduera baina aurrera egin bahar dugu orainarteko lanarekin: antolatuta dauden guneak sustatu, lagundu eta, distantzia arazoa gaindituz, sarean normaltasunaz parte hartzera bultzatu; esteka lana egingo duten pertsonak bilatu toki berrietan, … Jauzi bat egin behar dugu, urte osorako jarduera iraunkorra sustatuko duen lan plangintza zehatza finkatuz.

Aurten La Platan burutuko da Argentinako Euskal Astea eta, kontutan hartuta hiri honek duen garrantzia, ospakizunak interes berezia du guretzat.

23

Independentistak Sarearen 2. plan estrategikoa 2014 / 2016

11. Antolaketa

Konferetziatik aurrera jauzi bat egin behar dugu antolaketa arloan. Aberri Egunetik udara tartea –maiatza/ekaina–, kontutan hartuta hauteskunde europearrak eta Gure Esku Dagoren gizakatea izango direla eta ez dugula kalera begirako jardueretarako aukera handirik, oso garai egokia da geure etxeko lanak egiteko eta antolaketari astinaldi on bat emateko: guneak indartu, berriak bultzatu, dinamizatzaileak bilatu eta koordinatu, sarekideetan eta autofinantzaketan urrats berriak…

2015

1. Sarekideen topaketa

Urtarrila. 2014ko balantzea eta 2015eko plangintza landu eta erabakitzeko sarekideen topaketa.

2. Aberri Eguna, Martxa Berdea…

2016

1. Sarearen Nazio Konferentzia

Urtarrila/otsaila. Azken bi urteetako balantzea egin, 2016/2018 eperako Plan Estrategikoa landu eta eztabaidatu eta Sarearen Nazio Konferentzian onartu.

2014ko otsaila

25

Eranskina: ekarpenakMartxoaren15eanDonostianburutugenuenNazioKonferentzianargiberdeaemanzitzaiondatozenbiurteetarakogure jardueraren norabidea eta lan ildoak zehazten dituen txostenari. Argi geratu zen txostena oinarrizko lan materiala dela eta bere edukia etengabe sakondu, landu eta egokitu egin behar dela guztion artean.

Konferentzian bertan zenbait lagunek egin zituzten ekarpenak aipatuko ditugu era laburrean ondorengolerroetan, eta eranskin honen bitartez txostenaren edukiari gehituta geratzen dira:

• Independentismoak oinarri sozialaren bultzada izan behar du eta, egoera sozial eta ekonomiko larriaren aurrean, herri ekimen eta mugimendu desberdinen aldarrikapenekin loturak egin behar ditu –Euskal Herriko eskubide sozialen karta, ...–.

• Independentistak Sarea erabakitzeko eskubidearen alde dago, jakina, eta bat egiten dugu Gure Esku Dago ekimenaren lanarekin, baina argi erakutsi behar diogu jendarteari gure aldarrikapena erabakitzeko eskubidetik haratago doala eta guk proiektu politiko zehatzaren aldeko hautua egiten dugula: independentziaren aldekoa. Independentistak Sareak eta Gure Esku Dago ekimenak, bakoitzak bere ezaugarriak, mezua eta helburuak ondo adierazten eta, era berean, gure jardueren osagarritasuna azaltzen jakin behar dugu.

• Nazio eraikuntzatik estatuaren eraikuntzarako jauzia egiterakoan eta independentismoa arrazoi unibertsal berriz janzterakoan, kontua izan behar dugu abertzaletasunaren eta naziotasunaren hustuketarekin, kontzeptuon atzean herri bat, nortasun bat eta eskubideak daudelako.

• Independentismo modernoa planteatzen dugunean, argi utzi behar dugu euskara, euskal kultura eta euskal mundua moderno eta aurrerakoiak direla, zeren, modernotasunaren kontzeptua era maltzurrean erabiltzen da sarritan independentziaren aurkako argumentuetan euskal kultura edo euskal mundua anti-modernoa izango bailiran.

• Diskurtsoa berrantolatzerakoan independentismoa eta unionismoa eduki ezberdinez bete beharreko hitzak dira. Adibidez, LOMCE legeak zer suposatzen dion unionismoari edo zer independentismoari.

• Independentistak Sareak bere eginkizunen definizioan sakondu behar du: Zein den bere lekua joko-zelai politiko orokorrean; noiz izango den “bere momentua”; zein den mugimenduaren operatibitatea; ...

• Iparraldeko biztanleriaren zati handi bat kanpoan jaioa izanik, “garena gordetzeko” beharrak ghettoa sortzeko arriskura eraman gaitu sarritan, garen hori kanpora atera gabe. Abertzaletasuna normalizatu egin da eta zentzu ideologikoa galtzen joan da. Denak senti daitezke abertzale, baina orain independentista deitzen gaituzte, peioratiboki. Jendea, apurka-apurka, independentzia aukera erreala dela konbentzitzen hasteko garaia da.

• Estatua sortzeko herria sendotu behar da eta horretarako herrigintza funtsezkoa da. Mugimendu zabala da herrigintza, eta mugimendu zabal guzti hori euskal Estatua sortzera begira jarri behar dugu.

• Zenbait kontzeptu landu eta sakondu egin behar ditugu, gure diskurtsoan era ahalik eta zehatz eta egokienean erabiltzeko: naziotasuna, herrigintza, naziogintza, estatugintza, ...

• Zoriontzekoa da azken urteotan egin dugun lana, baina, gradualki, izaera goxotik konfrontazio lan moldeetara jo beharko genuke. Tentsioa sortuko duten ekimen ezberdin/integratzaile/anitz/lokaletik globalerakoak areagotu.

• Ikuspegi mobilizatzailearen inguruan, arlo sektorialetan islatzen da mugimendua. Eta, sektore ezberdinetatik egiten den guztia, “bagoaz” klabean jarri beharko litzateke. Izan ere, klabe sektoriala da jendea independentismora erakarriko duena.

• Europan status berriak sortzen ari dira polarizazioaren eraginez. Gure logika baina, ez da polarizazioarena izan, kontsentsuarena baizik. Logika horiek ez dira urtebetean aldatuko, lehenengo kontsentsuzko logika behar baita gero polarizazioa eman ahal izateko.

• Gure Ideien Faktoriak alderdi eta sindikatuetako fundazioekin harremanak landu beharko lituzkete, aurrera begira elkarlan esparruak sortzeko asmoz.